Batukada doinuak Lazkaon
Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Espainiako 11 batukada talde ari dira eguerdiaz geroztik Lazkaoko kaleak girotzen. Tartean dira Lazkaoko Suthai eta Itsasondoko Batukaleroak taldeak. 20:00ak aldera 'Lazkao' erritmoa estreinatuko dute denek elkarrekin plazan.
Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Espainiako 11 batukada talde kalez kalez dabiltza gaur Lazkaon. Perkusio eta erritmo jotzaileen aurreneko juntadizoa antolatu dute herriko Suthai taldean jotzen duten zenbait lazkaotarrek, Lazkaoko Udalaren eta Laulagun enpresaren laguntzarekin.
Eguerdian egin dute lehen kalejira, eta arratsaldean bestea, Lazkaoko auzune eta kaleetara batukada doinuak zabalduz. Guztira, 160 edo 180 danbor jotzaile bildu dira, tartean Lazkaoko Suthai eta Itsasondoko Batukaleroak taldeetakoak. Plazako frontoian egin dute herri bazkaria, Valentziako taldekoek prestatutako paella erraldoiarekin.
Festako une gorena 20:00ak aldera izango da, plazan. Valentziako Punkadeira taldeko zuzendariak konposatu duen Lazkao erritmoa estreinatuko dute. 180 jotzaileek batera joko dute, «inon inoiz» egin ez dena.
Gauean, 22:00etan hasita, Gasteizko Moonshine Wagon heavy-bluegrass taldeak kontzertua joko du.