Laura Mintegiri gorazarre Goierriko IV. Irakurleen Topaketan, Ataunen
Zumarraga-Urretxu, Ordizia, Beasain, Itsaso, Idiazabal, Gabiria eta Ataungo 40-50 irakurle elkartu dira udaletxean. Mintegik hunkituta azaldu da egin dioten omenaldiarekin. Datorren urteko topaketa antolatzeko lekukoa Itsasok hartu du.
Laura Mintegi Lakarra (Lizarra, 1955) izan da Goierriko IV. Irakurleen Topaketa idazle gonbidatua da. Mintegik 2001ean argitaratutako Sisifo maite minez eleberria irakurri dute Ataunen elkartu diren talde guztiek azken aldian, eta horri buruzko solasaldia egitea izan da topaketaren lehen saioa. Haren ondoren, omenaldia egin diote idazle nafarrari. Zumarraga-Urretxu, Ordizia, Beasain, Itsaso, Idiazabal, Gabiria eta Ataungo 40-50 irakurle elkartu dira Otso Irakurleak taldeak antolatu duen juntadizoan. Denek Izaro Erauskin artista ataundarrak egindako orri-markaitzaile bat jaso dute opari.
Otsoak dantza taldeko bi dantzarik dantzatu eta Eate abesbatzak kantatutako ohorezko agurrarekin hasi da omenaldia. Lore sorta bat emango diote opari gero, eta segidan, Joxe Bikuñak Ataunen izateari buruzko hitzaldi labur bat egin du. Pili Eskisabelek umorez jantzi du ekitaldia, Nafarroatik ardoa ekartzen zuen astoaren kontakizun-antzeztua eginez, eta ondoren, Nekane Munduatek egindako bat koadro bat oparitu diote. Koadroak Aitzol Barandiaranek jarritako bertso bat zekarren, eta horixe abestu diote Mintegiri denen artean. Hunkituta jaso du oparia eta omenaldia idazleak, eta esker hitzak izan ditu bildutakoentzat: “Urte asko dira euskaraz ari naizela, baina ez dut uste sekula gaur bezainbeste emozionatu naizenik”.
Ataunek lekukoa Itsasori
Otsoak irakurle taldeko Maribel Arinek datorren urteko topaketa antolatzeko lekukoa eman dio Itsasoko irakurle taldeko Anttoni Okarizi, hori irudikatzen duen artelanaren bidez. Agur jaunak eta andreak abestuz amaitu da udaletxeko ekitaldia, eta kalean taldeko argazkia atereaz eta udaletxeko arkupeetan mokadutxoa eginez bukatu dute topaketa. Joxe Begiristain izan da ekitaldiaren gidaria.
Mintegiri abestutako bertsoa
Hel bekizu bihotzez
hitzotan barrena
Laura, zureganako
dugun miresmena
Sisiforen lana da
irakurleena
ekin, ekin ta inoiz
bukatzen ez dena,
zein gozoa, ordea,
zurekin kondena