Palestinar herriari elkartasuna adierazi diote CAFen egoitza nagusiaren atarian
Beasaingo tren enpresari Jerusalemen duen proiektua bertan behera uzteko eskatu diote beste behin, CAFeko akziodunen batzarra egin den egun berean.
CAFeko Akziodunen Batzarra egin den egun berean, CAF, Jaitsi Zaitez Israelen Apartheidaren Trenetik koalizioak elkarretaratzea eta kalejira deitu ditu gaur goizean CAFek Beasainen duen egoitzaren aurrean. Euskal herritarrei eta eragileei CAF presionatzen jarrai dezaten eskatu diete, “Palestinako proiektua bertan behera utz dezan eta nazioarteko zuzenbidearen errailetara itzul dadin”.
Koalizioaren esanetan, Jerusalemgo CAFen proiektuari buruzko txosten bat argitaratu da oraingo gutxi. Proiektu hori Harremanetarako Puntu Nazionalak (PNC) egin du. “Espainiako Estatuko Merkataritza, Industria eta Turismo Ministerioan inskribatutako erakunde horrek enpresa multinazionalen gidalerroak betetzen direla zaintzen du, OCDEko kide diren herrialdeek adostutakoak”.
Txosten horrek Comité de Solidaridad con la Causa Árabe (CSCA) elkarteak 2019an egindako eskaera bati erantzuten dio, zeinak PNCri eskatu baitzion bitartekari lanak egin zitzala Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) enpresaren aurrean, “Palestinako Lurralde Okupatuetan potentzia okupatzaile israeldarraren zerbitzura jarduteagatik ustez izan duen portaera txarra zuzentzeko eta gelditzeko”.
CAFi hiru gomendio
PNCren txostenaren arabera, CAFek Palestinako Lurralde Okupatuetan egiten dituen jarduera motak nazioarteko ebazpenek gaitzesten dituzten jardueren barruan daude, eta CAFi hiru gomendio ematen dizkio Jerusalemgo proiektuari buruz: “Giza Eskubideen politika berrikustea; informazioa zabaltzeko politika berrikustea; eta proiektuaren eragina aztertuko duen txosten independente bat enkargatzea”.
Amnesty Internationalek ere Israel: Israelgo apartheida palestinarren aurka. Gizateriaren aurkako menderatze- eta krimen-sistema krudela txostena aurkeztu du aurten. Txosten horren arabera, “enpresek Israelen eta Palestinar Lurralde Okupatuetan duten jarduerak ebaluatzeko erantzukizuna dute, eta apartheid sistemari laguntzen ez diotela eta horretaz baliatzen ez direla bermatzea”.