Potto eta pottokumeak irabazle I. Herrimatuz bertso txapelketan
Goierriko Bertso Eskolaren 40. urteurrena ospatzeko taldekako txapelketako finala Beasaingo Arranon jokatu da. Aratz Igartzabal eta Patxi Ormazabal gabiriarrek, eta Mikel Etxezarreta olaberriarrak osatutako hirukoa nagusitu da.
Maiatzean zehar Legorretan, Seguran eta Ordizian kanporaketa bana jokatu ondoren, atzo gauean jokatu zen Beasaingo Arrano tabernan Herrimatuz Goierriko Taldekako I. Bertso Txapelketa. Goierriko Bertso Eskolaren sorreraren 40. urteurrenari harira antolatutako txapelketa izan da.
Hiru talde aritu ziren nor baino nor Mikel Urteaga besaindar gai-jartzailearen esanetara. Yeaah taldea (German Urteaga beasaindarra, Lander Arizmendi ordiziarra eta Odei Lopez legorretarra), Bertso Olariak (Ane Beloki, Jone Narbaiza eta Lierni Ugarte legazpiarrak) eta Potto eta pottokumeak (Aratz Igartzabal eta Patxi Ormazabal gabiriarrak, eta Mikel Etxezarreta olaberritarra).
Iragarritakoa baino ordu erdi beranduago hasi zen finala, 23:00k aldera, eta ordu eta erdi inguru iraun zuen. Hasierako eta bukaerako agurrez gain, bederatzi ariketa osatu behar izan zituzten bertsolariek. Taberna bete jende jokatu zen finala (horietako asko gazteak), eta publiko artean zeuden epaileek ebatzi zuten Potto eta pottokumeak taldekoak aritu zirela ondoen bertsotan. Sari modura, Arranon otordu bat irabazi dute.