Hasierako urteak gogoratuz, giro ederrarekin ospatu dituzte Hegialdeko jaiak
Auzoko jaiak duela 42 urte ospatzen hasi zirenean sortu zen Ttipi-Ttapa txaranga berreskuratu dute. Ekitaldiz eta jendez beteriko asteburua izan da.
Nostalgiaz beteriko jaiak izango zirela agindu zuten, eta halakoak izan dira. Duela 42 urte auzotar talde batek jaiak martxan jarri zituen Hegialden, eta orduz gero, pandemiako bi urteak kenduta, urtero-urtero ospatu dira ekaineko bigarren asteburuan. Aurten pasa den asteburu honetan egokitu dira, eta eguraldia beti lagun izan ez badute ere, giro ederrarekin eta jaietaz gozatzeko gogoa zuen jende askorekin ospatu dira.
Aipagarria izan da duela 42 urte jaiak hasteko martxan jarri zen Ttipi-Ttapa txaranga berreskuratu izana. Doinua Musika Eskolako fanfarreak lagunduta, eta Jesus Castillejok zuzenduta, 70dik gora lagun ibili dira asteburuan Laubideko kale nagusia girotzen. Bestelakoan, ostiral arratsaldean txupinazoa bota eta igande gaueko su artifizialekin jaiei amaiera eman arte, ekitaldiz beteriko egitarauz gozatu ahal izan dute auzora hurbildu direnek.