Kimu mailako sei futbol taldek hartu dute parte Ilintxak antolatutako lehen Legazpi Torneoan
Ilintxa, Aloña Mendi, Bergara, Urola, Elorrio eta Najera-Calahorra izan dira partaideak. Errioxarrek irabazi dute txapelketa. Realaren eta udalaren laguntza izan du Ilintxak.
Bikuña futbol zelaia jokalari gaztetxoz eta futbol zaleez bete zen larunbat goizean, Ilintxak antolatutako kimu mailako I Legazpi Torneoaren aitzakian. Realarekin hitzarmena duen Ilintxa bera, Urola, Aloña Mendi, Bergara, Elorrio eta Errioxako Najera-Calahorra konbinatua izan ziren torneoko sei partaideak.
Liga eran egin zuten txapelketa, eta finala lehen bi onenek jokatu zuten: Elorriok eta Najera-Calahorrako Transportes Gil taldeak. Errioxakoek irabazi zuten, eta haien kapitainak jaso zuen txapeldunaren garaikurra Ilintxako presidente Xabi Aldamaren eta Legazpiko Udaleko kirol zinegotzi Iñigo Imazen eskutik.
Giro aparta sortu zen Bikuña inguruan goizean, eta eguerdi partean Azokan, partaide guztiek elkarrekin bazkaldu zutelako han.
Ilintxak eskerrak eman nahi dizkie torneo honen lehen edizioa martxan jartzen lagundu duten Legazpiko Udalari eta Realari. Torneoak jarraipena izango duela iragarri du legazpiar klubak.