Mikel Mujikak erlojuz kontrako Gipuzkoako txapelketa irabazi du
Legazpiko txirrindularia lehena izan zen atzo Aizarnazabalen jokatu zen Gervais Memorialean. Arene Perez mutiloarrak junior mailako txapelketa eskuratu du, eta Guillermo Prieto olaberritarrak egokitutako modalitatekoa.
Legazpiko Mikel Mujika txirrindulariak Gipuzkoako elite mailako erlojuz kontrako txapelketa eskuratu zuen atzo, Aizarnazabalen jokatu zen Gervais Memoriala irabazi eta gero.
Telco’m-On Clima Oses taldeko txirrindulariak 26:39 denborarekin egin zituen ibilbideko 21 kilometroak, eta 41 segundoko aldea atera zion Caja Ruraleko Haimar Etxeberriari; honek, 23 urtez azpikoen txapela jantzi zuen. Hirugarren postuan, Laboral Kutxako Aitor Agirre sailkatu zen, minutu batera.
Beste bi txapel Goierrira
Emakumezkoetan, Laboral Kutxako Xubane Garai izan zen irabazlea; junior mailan Augar-Laguntasuna taldeko Beñat Garaiar gizonezkoetan eta Zatika taldeko Arene Perez mutiloarra, emakumezkoetan. Egokitutako modalitatean, Zuzenak CD taldeko Guillermo Prieto olaberritarrak jantzi zuen Gipuzkoako txapela.