Musika, adinik ez duen ikasgaia
Doinua musika eskolan ateak irekita daude musika eta instrumentu bat jotzen ikasi nahi duten helduentzat. Ikasturte honetako 400 ikasleetatik, 50-bat dira multzo horretakoak.
Zalaparta asteak dira hauek Doinua musika eskolan. Ikasturtean ikasitakoa publikoaren aurrean aurkeztu behar dute ikasleek, eta emanaldi horiei begira entseguetan murgilduta daude. Batzuek amaitu dute eginkizun horrekin, beste batzuek datozen egunetan dituzte hitzorduak.
Urduritasuna eta ilusioa da nagusi, baita ikasle helduen artean ere. Izan ere, Doinuan ikasle helduak ere badaude, eta horiek ere egiten dituzte ikasturte amaierako kontzertuak. Atzo, Arturo Martinezek gidatutako talde baten txanda izan zen. Gitarra eta ahotsa tartekatuz, emanaldi bikaina eskaini zuten.
Musika zaletasuna
Jose Angel Urbietak, Emilio Mediavillak, Maria Angeles Garmendiak, Antonio Tocinok, Pili Garmendiak eta Elena Casalesek osatzen dute talde hori. Musikarekiko zaletasuna dute amankomunean, eta zaletasun hori jorratzeko denbora librea ere bai.
Urbieta hasi berria da. «Musika eta abestea gustuko dut, eta orain arte autodidkata izan naiz. Orain denbora dudanez, eskolara nator, gune polita delako».
Mediavillak ere antzeko arrazoiak izan zituen musika ikasteko, «beti gustatu izan zait musika, eta jubilatzean, alabarekin batera hasi nintzen gitarra ikasten, baita abesbatzan ere».
Maria Angelesek, 61 urterekin jubilatu zenean ikusi zuen «solfeoa ikasteko eta gitarra jotzen hasteko garaia zela». Ez da damutzen, «asko gozatzen dut».
Tocinok ere gustuko du musika, errondaillan jotzen du eta Santikutz abesbatzan abesten du. Eskolan «hobetu» egin nahi du musikaz dakiena.
Pili 66 urte zituenean hasi zen, «solfeoa ikasten lehenengo, eta eskusoinua gero, eta azkenera, baita koruan ere». Musika «pila bat» gustatzen zaio, eta perkusioarekin hasteko asmoa du.
Casales ere hasi berria da, eta abestera joaten da bakarrik, «asko gustatzen zaidalako».
Irakaslea ere gustura dago. Arturo Martinezek aitortu duenez, «oso esperientzia polita da helduekin lan egitea, gogo gehiagorekin etortzen dira. Askok txikitan ez dute musika ikasteko aukerarik izan, eta motibazio handia dute, ez bakarrik eskolan astean egiten dugun ordu erdirako, baita etxean lan egiteko ere».
Sozializatzeko tresna
Urteak dira Doinuak helduentzako eskaintza zabaltzen duela. Aitor Madina zuzendariak azaldu duenez, «4 urtetik hasita, ez dugu adin mugarik jartzen». Gizartea aldatzen doan eran, eskola ere egokitu egin dela dio, eta haurrak bakarrik ez, beste adin tarte batzuk ere kontuan hartzen dituzte orain. «Geroz eta ikasle heldu gehiago ditugu», ikasturte honetan izan dituzten 400 ikasleetatik, 50-bat kokatzen da talde horretan.
Gehienak jubilatuak dira, baina badira gazteagoak ere, eta musika eskolak, haurrekin bezala, horiekin ere «funtzio soziala» betetzen du. «Sozializatzeko tresna da musika, eta hainbat balio transmititzen laguntzen duena, elkarlana, adibidez».
Helduentzako ikasketa sistema berezia da. Bi urtez musika lengoaia ikasi ondoren, tresnekin hasten dira, «baina malguak izan gaitezke epeekin». Gitarra eta pianoa dira gehien aukeratzen dituzten tresnak. Horiez gain, abesbatzan parte hartzeko aukera ere badute helduek.
Kontzertuak
GAUR, ASTEAZKENA
· 18:00 eta 19:00. Zeharkako txirula eta metala, Latxartegin.BIHAR, OSTEGUNA
· 18:00. Diploma kontzertua, Latxartegin.ETZI, OSTIRALA
· 17:00. Trikitixa, Agirreetxeberriko lorategian.
· 18:00. Gitarra eta ahots teknika, Latxartegin.LARUNBATA, HILAK 18
· 12:00. Akordeoi, saxofoi, eta klarinete taldeak eta talde instrumentala, San Migelen.ASTELEHENA, HILAK 20
· 18:30. Akordeoi eta prestakuntzako ikasleak, Agirre-etxeberri.