Udakoak ugaritzen, udaberrikoak gutxitzen
Sasoi aldaketaren seinaleak ageri dira, negutegiko piper eta tomatea ugaritzen, udaberriko ziza, ilarra, baba mermatzen.
Urteko egunik luzeenak bizitzen ari gara. Ekainaren 21ean 11,13ean ekia gain gainean izango dugu aurtengo udako solstizioa alegia, udan sartuko garen momentua. Indarrean datoz landareak, argia ez dute nahikoa ura neurrian eta bestelako hondamendirik ez da behar, izan berri den harria esate baterako. Hala inguruko gerezirik momentuan ez, aldiz Nafarroatik ekarritako Milagroko kilo asko salgai atzo plazan Sustrai fruta dendakoek propio jarritako postuan. Aipatzekoa baita ere Ordiziako azoka pintxoa ekimenaren barne Ordizia hoteleko Juanan Jimenezen Gerezi salmorejoa foie eta urdaiazpiko pintxoa. Gainerakoan piper mota gehiago aukeran morroa 6€/k eta Gernika 8€/k. Apio edo perexil heze sortak ekartzen hasi da Edurne Jauregi 0,5/sorta. Aldiz bere onenak emanda baba eta ilarra.
Uda eta udazkenaren lekuko
Baratza gehienak udako landarekin bete badira ere, udazkenean prest egongo direnak ere ez dira ahaztu behar. Salgai dira aza kizkurra, brokolia, lonbarda, romaneskua eta eskarola landareak, 0,10-0,20 bakoitza erosten den landare eta kopuruaren arabera.
Lore denboraldia aurrera doa, saltzaileek nahiko gustura somatu ditugu. Apirila txarra izan arren, maiatzean ondo eta orain ia azken salmentak. Urtetan salduenak izan diren Geranio eta Huntzaren tokia hartzen ari omen dira poliki-poliki Diplademia eta Begonia altua ere, mozorroak gutxiago jotzen dituelako izan litekeela uste du M.Dolores Mendizabal Aramako lorezainak. Surfiniak ere galdu omen du garai bateko euforia.
Ziza garaia, emankorra ez
Udaberriko zizen garaia aurrera doa. Postu bat gutxiago atzo; joan zen astean esan zuen etortzeari utziko ziola ziza garaian etorri ohi den Gasteizko Garbiñe Barandiaranek. Aurten ez dela udaberriko zizen urte ona baiezta daiteke, aurreko urtetan aste askotan 400 kilotik gora salgai izatea normala zen eta aurten berriz maiatzaren 25eko astea izan zen oparoena 250 kilo. Inguruan ziza tokiak galtzen ari direla biltzaileek aspalditxo esaten ari dira. Hemen ez ezik kanpoan ere hala ote den edo urte txarra izan delako besterik gabe, denborak esango du.