Furgonetan bidaiatzen dutenentzako nutrizio aholkuak, adituen eskutik
Ekinhaz zentroak tailer bat antolatu du uztailaren 6rako. Opor mota horretan ere ondo jan daitekeela erakutsi nahi dute. Aholku orokorrez gain, zortzi otordu ere proposatuko dituzte
Legazpiko Ekinhaz osasun eta errendimendu zentroak proposamen bitxia luzatu du uda gerturatzen ari den honetan. Bertan lan egiten duen Mireia Alberdi dietista eta nutrizionistaren laguntzarekin, furgonetan edo autokarabanan bidaiatzen dutenei zuzendutako nutrizio ikastaro txiki bat antolatu dute. Uztailaren 6an egingo dute, 19:15ean, Bikuña-eneako plazan duten lokalean. Prezioa 15 eurokoa da, eta izena eman behar da parte hartzeko, 646 433 458 telefono zenbakira deituta.
Proposamen bitxia bezain erakargarria da, Ekihaz zentroko Idoia Gardek esan duenez, jende asko ari delako izena ematen. Izan ere, azken aldian bogan dago furgonetan edo autokaraban bidaiatzea.
Oporretarako gomendioak
Opor edo aisialdi mota hori gustuko dutenei zuzenduta dago tailerra, eta bertan, «jatorduak antolatzeko truko, ideia eta proposamen osasungarriak» elkarbanatuko dituzte partaideekin.
Bergaran duela gutxi egindako antzeko bi tailerren arrakasta ikusita animatu zen Mireia Alberdi antzeko proposamena Legazira ekartzera, Idoia Gardek gonbidatu eta gero. «Hitzaldi txiki bat izango da. Furgonetan, karabanan edo bungalow batera asteburu pasa edo oporretan joaten garenean gure elikadura zaintzen jarraitzeko ideiak emango ditugu». Alberdik dioenez, helburua da «dena ez izatea aurrez prestatutako janaria, dena ez izatea zaindu gabekoa».
Urtetako esperientzia
Alberdi bera ere urtetan ibilia da furgonetan, eta horrek eman dion esperientziatik abiatuta prestatu du tailerra. «Ni ere ibilitakoa naizenez, ondokoek nola jaten zuten ikusten nuen, eta tripako mina ematen zidan». Kanpora joatean, aisialdi egoeretan ere ondo jan daitekeela erakutsi nahi du.
Janaria nola eraman, etxean aurrez prestatzea eta izoztea, kontserbak erabiltzea, intoxikazioak saihestea… ibilgailu bakoitzaren arabera praktikan jar daitezkeen aholkuak eta ideiak emango ditu, «baina jaso ere bai, azken batean, elkartruke bat egin nahi dugulako». Tailerrean, ideia eta aholku orokorrez gain, zortzi jatordu desberdin ere proposatuko ditu.