Aralarko suteak 25 hektareatik gora kiskali ditu
Aldundiak eta udalek azaldu dute sutea "kontrolpean" dagoela, baina tentuz jarraitzen dute oraindik, egoera ez delako oraindik erabat egonkorra.
Asteburu zaila izan da askorentzat, Zaldibia, Lazkao eta Ataun artean, Aralar Parke Naturaleko lurretan izandako sutea dela-eta. Larunbat goizean piztu zen sua Arastortz mendiaren inguruan, eta Aizkoate aldera zabaldu zen gero. Larunbat iluntzerako sua kontrolpean zutela esan zuen aldundiak, baina atzera ere piztu eta zabaltzen jarraitu zuen igandean. Atzo iluntzean, suaren foko nagusiak itzaltzea lortu zuten, baina oraindik ere arretaz jarraitzen dute ingurua, egoera ezegonkorra delako batetik, eta irisgarritasun zaileko eremua delako bestetik. Hori dela eta, gauean zehar ere, zaintza lanei eutsi diete.
Mendi eta Natur Inguruneko foru zuzendaritzako basozainak, baso suteen aurkako brigadak eta Gipuzkoako Suhiltzaileak aritu dira bertan, inguruetako baserriak babestu eta sutea itzaltzeko lanetan. Atzo, Aizkoate tontorraren inguruko mailoetan aritu ziren, batez ere. Sua kontrolpean hartzea lortu badute ere, egonkortzeko lanetan aritu dira atzo arratsaldeaz geroztik. Gaur ere, zaintza lanetan ariko dira.
Erretako eremuari dagokionez, lehen ikuskapenen arabera, inguru horretako harkaiztiak, otadiak, nahiz landaketa eta hostozabalen zenbait baso –batez ere azpiko landaretza– kaltetu ditu suak, Aralarreko Parke Naturalean eta mugetan. Esan bezala, 25 hektareatik gora.
Gipuzkoako Foru Aldundiak baso sutean lanean aritu diren eta diharduten guztien lana eta ahalegina aitortu nahi izan du, oso gune aldapatsuetan eta malkartsuetan eta muturreko tenperaturei aurre eginez aritu behar izan baitute. Larunbatean, esaterako, suhiltzaile bat artatu behar izan zuten, bero kolpea izan zuelako; osasun arreta jaso ondoren, egoera onean aurkitzen da. Bestalde, inguruko baserritarrei eta laguntzeko prest agertu diren herritarrei ere esker ona adierazi die aldundiak.