Arastortzeko sutea itzali dute
Ataun, Lazkao eta Zaldibia inguruetako 25 hektarea erre dira. Ataungo eta Zaldibiako udalek kalteak txikitu zitezkeela uste dute
Arastortzeko sutea “erabat” itzali dute. Gauean tenperaturak behera egin du eta lanbroa ere bota du eta horrek “asko” lagundu die suaren aurka lanean aritu direnei, Zaldibiako Udalaren arabera. Garrak zerk piztu zituen ikertzen eta eragin dituzten kalteak neurtzen dabiltza. Zaldibiako Udalak aipatu du ez dela lan erraza izango eta luze jo dezakeela.
25 hektarea baino gehiago erre dira, harkaiztiak, otadiak, nahiz landaketa eta hostozabalen zenbait baso, Ataun, Lazkao eta Zaldibia artean. Aralarko Parke Naturalari ere eragin dio. Larunbat goizean piztu zen sua, Arastortz mendiaren inguruan, eta Aizkoate aldera zabaldu zen. Foku ugaritan banatu zen, gainera: Iparraldeko hegian, Atxuritik behera Arkaka aldera, bat eta Intzartzuko mailo inguruan, bi, Ataun aldera eta Lazkao-Zaldibi aldera.
Su itzaltzeko lanetan Mendi eta Natur Inguruneko foru zuzendaritzako hiru teknikari eta sei basozain, baso suteen aurkako brigadako 30 lagun eta Ordizako eta Legazpiko parkeetako 25 suhiltzaile, hiru sarjento eta ofizial bat aritu dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak guztien lana eta ahalegina aitortu du. Inguruko baserritarrentzako eta laguntzeko prest agertu diren herritarrentzako ere esker oneko hitzak izan dituzte.
Ataungo eta Zaldibiako udalek ere guztien lana eskertu dute, baina “baliabide gabezia” eta “antolamenduan eta protokoloan hobetu beharreko puntu dezente” salatu dituzte, ohar bidez. Ataungo Udalarentzat “komenigarria” da “muturreko beroaldiak iragartzen dituztenean baliabide gehiago prest izatea eta hobeto antolatuta egotea”. “Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu, eta espero dezagun honetatik ere ikasiko dugula zerbait”. Zaldibiako Udalak ere “prestutasun osoa” agertu du “hobetu beharreko puntuak lantzeko eta ekarpenak egiteko”.
Larunbatean suhiltzaile bat artatu behar izan zuten, bero kolpea izan zuelako. Osasun arreta jaso ondoren, egoera onean da.