Ertzaintzak Mikel Karrerari egotzi dio Beasainen hildako bi agenteen kasua
ETAk Francisco Javier Mijangos eta Ana Isabel Arostegi ertzainak duela 20 urte hil zituen. Orduko probak berriro aztertu dituztela eta horri esker lortu dutela kasua argitzea esan du Josu Erkoreka sailburuak
Ertzaintzak Mikel Karrerari leporatu dizkio ETAk Beasainen hil zituen bi agenteen heriotzak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Jaurlaritzak azaldu du duela 21 urte bildutako frogak berriro ikertu dituztela, eta “behar bezala” gorde izanari eta “genetika forentsean egindako azken aurrerapenei” esker ondorioztatu dutela Karrerak atentatu horretan parte hartu zuela.
Francisco Javier Mijangos eta Ana Isabel Arostegi ertzainak 2001. urtean hil zituzten, Zaldizurretako biribilgunean, trafikoa kudeatzen ari zirenean. Ihes egiteko erabili zuten autoa bi egun geroago topatu zuten, Beasainen bertan. Ibilgailu barruan zegoen goxoki-paper batetik lortutako ADNa urte hauetan Ertzaintzak, epailearen baimenarekin, atentatua egin zenean “aktibo” zeuden ETAko kideei hartutako ADN laginekin gurutzatuta ondorioztatu du Karrera bertan izan zela.
Ikerketak irekita jarraitzen du, pertsona gehiagok ere parte hartu zutelakoan, baina Ertzaintzak lehen ondorio hori Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi du.