Euskararen eta elkarbizitzaren inguruko dokumentala gaur aurkeztuko dute
Euskara eta kulturartekotasuna lantzeko herri mailako proiektu aitzindaria abiarazi zuten iaz Zaldibian, hainbat eragilek elkarlanean. Egitasmo horren nondik norakoak dokumental batean jaso dituzte.
Zaldibian kulturartekotasuna lantzeko orain urtebete hasi zuten egitasmoak dokumental bat eman du fruitu. Lardizabal Herri Eskolak, Zaldibiako Udalak, UEMAk, HUHEZIk (Mondragon Unibertsitatea), Ausa Gaztelu Guraso Elkarteak eta Etxekonekok Elkarbizitza Taldeak jardun dute elkarlanean, proiektu honetan.
UEMAko kide diren udalerrietan Zaldibiak du migrazio tasarik handienetakoa. Herritarren %14k dute beste herrialde bateko nazionalitatea. Herrian nabari da aldaketa, baina eskolan sumatzen da bereziki, hiru ikasletik batek jatorri atzerritarreko gurasoak baititu. Ikasle horiek euskaraz hezteko erronkari erantzuteko, eta familiekin harreman egokia izateko, hainbat eragileren arteko proiektua abiarazi zuten iaz Zaldibian, herriko hizkuntza nagusia euskara denez euskarari eutsi nahian.
Aurkezpena gaur
Aloña Jauregik eta Eider Amundarainek Hizkuntzak erraietan: euskara eta elkarbizitza dokumentalean jaso dituzte egitasmo horren nondik norakoak. Ikuskaria gaur, ekainak 20, aurkeztuko dute, 18:30ean, herri antzokian.