Beasaindarrek zazpitik gorako nota eman diote kale garbiketari
Udalak Gizaker etxearen bitartez egin duen inkestaren arabera, herritarrek 7,37ko nota eman diote udal zerbitzuari, eta herriko garbitasunarekin «oso pozik» agertu dira.
Beasaindarrak «oso pozik» daude udalerriaren garbitasunarekin. Udalak Gizaker enpresaren bidez egindako galdeketan herritarrek 7,37ko nota eman diote udal zerbitzuari, 10etik. Erdiguneko herritarrak daude gusturen; auzoetako herritarrek 7,08ko balorazioa eman diote. «Hala eta guztiz ere, maila nabarmenean mantentzen da», diote udaletik.
Presio bidezko garbiketa da herritarrek ongien baloratzen duten sistema. Ibilgailuarekin egiten den garbiketa sakoneko zerbitzua «oso positibotzat» jo du gehiengoak. Zehazki, 7,86ko nota eman diote. Txakurren gorotzetan jarri dute arreta galdekatutakoek. Ia herritarren bi herenek uste du Beasainek arazo bat duela txakurren gorotzekin. Halaber, botiltzarren ondorioz sortutako hondakinak, lurrera botatako musukoak, edukiontzien inguruan pilatutako zikinkeria eta ibaien garbitasun-maila ere aipatu dituzte. Autokritika maila «handia» izan arren, herritarren ustez gertuko udalerrietako biztanleek gizalegezko jokabide-maila bera dute.
Udalak gogorarazi du iradokizunak udalaren app-aren bidez egin daitezkeela.
Beasaini, 8ko nota
Udalak animazio bideo bat argitaratu du txakur gorotzak ez jasotzeak bide publikoan eragiten dituen kalteak ikustarazteko eta kontzientziak pizteko. Isun ekonomikoak ere badakartzala gogorarazi dute. Txakur Eredugarri programa ere nabarmendu dute. Ikastaroak bermatzen du jabeek badakitela animaliak behar bezala zaintzen eta, beraz, gorotzak jasoko dituztela. «Beasain bizitoki atseginagoa, ordenatuagoa, erosoagoa eta bizigarriagoa izateko» bidea dela berretsi dute.
???Txakur gorotzak ez jasotzeak kaltea eragiten du. Halaber, txakurrak aske eramateak arriskua dakar. Bi egoera hauek bizikidetza arazoak eragiten dituzte. Izan jabe arduratsua; zure ardura, guztion onura #Beasain #txakureredugarriprograma #bizikidetza #kangune pic.twitter.com/MZNy7wqSHj
— Beasaingo Udala (@BeasaingoUdala) June 22, 2022
Beasaindarrek beren udalerriari bizitzeko leku gisa ematen dioten balioa 10etik 8,11koa da. Udalak aipatu du balorazio horrek adierazten duela beasaindarrak «harro» daudela herriaz.
Gizakerrek egin du inkesta, telefonoz. Teknika honi esker «fidagarritasun handiko» erantzunak lortu direla aipatu dute.