Bihar hasiko dira Segurako San Joan festak, zopa pertzaren jaitsierarekin
Iparra-Hegoa kultur elkarteko kideek egingo dute pregoia 19:00etan. San Joan egoitzan dauden egoiliarrentzako ere egitarau berezia prestatu dute jai egun hauetarako
Segurako San Joan festak hemen dira. Lau eguneko egitaraua izango dute segurarrek jai giroan ibiltzeko. Bihar, San Joan bezperan, zopa pertzarekin hasiko dira jaiak. Ostiralean mozorrotuen eguna ospatuko dute, larunbata jubilatuen eguna eta kuadrillen eguna izango da, eta igandea, berriz, umeen eguna. Izarra Urdalleta alkateak San Joanak «dantzan, kantuan, barrez, maitasunez, herria infuruak zainduz, elkar errespetatuz» ospatzeko deia egin die herritarrei egitarauan.
Iparra-Hegoa kultur elkarteak egingo du pregoia bihar, 19:00etan. Elkarteak adierazi du «pregoilari izatea ohorea» dela, «herriak emandako maitasun guztia itzuli nahi» diotelako herriari. Musikaz, kirolez, jolasez eta magiaz betetako lau egun izango dira.
Egoiliarrentzako jarduerak
San Joan egoitzan dauden egoiliarrentzako ere prestatu dute egitarau bat festak nolabait ospatu ditzaten. Gaur txapel jaurtiketa eta Segurako abesbatzaren emanaldia izango dute. Bihar animaliekin terapia egingo dute eta San Joan sua izango dute. Ostiralean, berriz, Sebastian Lizaso eta Nerea Ibarzabal bertsolarien eta udal ordezkarien bisita jasoko dute, eta larunbatean Joselontxos txarangarena. Festei agur esateko, igandean Kirkil txarangaren animazioa izango dute.