Eskolek aitak lehenetsita, gehiago inplikatzen dira seme-alaben zaintzan
Murumendi, Alkartasuna eta La Salle ikastetxeek aitak hobetsi dituzte ikasturtean oharrak helarazterakoan. Kasu gehienetan eurak arduratu dira intzidentziaz
Herrilab3B laborategian parte hartu duten eskolek zuzenean aitengana jota hauen inplikazioa handitzea lortzen dela ondorioztatu dute. Hau da, Murumendi, Alkartasuna eta La Salle ikastetxeek aitak lehenesteko ardura hartu zuten oharrak helarazterakoan ikasturtean zehar; hamar kasutatik zazpitan aitek beraiek kudeatu dute intzidentzia. Hamar kasutatik batean, hirugarren pertsona batengana jo behar izan dute.
Aitak gerturatzeko eta ikastetxeekin eta haurren zaintzarekin duten inplikazioa areagotzeko «baliagarria» izan dela ondorioztatu dute. Bai ikastetxeek bai familiek «positiboki» baloratu dute esperientzia.
Ikastetxearekin emakumeek gizonek baino harreman estuagoa izaten jarraitzen dute, dena den. Hamar bilera pribatuetatik zazpitan, esaterako, soilik amak joaten dira; kasuen %17an, bi gurasoak eta %16an, aita bakarrik. Bilera orokorrak direnean, bi gurasoen kopuruak gora egiten du. Halere, aitak bakarrik doazen kasuak mantendu egiten dira.
«Oraindik bide luzea egin behar da», azpimarratu zuen atzo Miren Elgarresta Berdintasunerako foru zuzendariak, datuen hausnarketa egiterakoan. «Beharrezkoa da gizonek askoz gehiago inplikatzea esparru horretan, eta ikusten dugu dinamika eraldatzaileak aplikatuta eta hainbat eragile inplikatuta lor dezakegula», esan zuen.
Leire Artola Beasaingo alkateak ere bide beretik hitz egin zuen. «Aurrera egin dugu, baina inplikazio hori hasiberria da oraindik. Beasainen gero eta aita gehiago ikusten dira seme-alabak zaintzen, edozein egoeratan edo lekutan, eta hori funtsezkoa da hurrengo belaunaldiak kontzientziatzeko, adingabeen zaintzaren eta arretaren ardura modu naturalean banatu dadin», gehitu zuen.
3B Eguna
Herrilabeko talde motorrak Beasain Berdintasunean Bizi Eguna egitea erabaki zuen, bestalde. Urrian egingo dute. Jardunaldi horretan, udalerrian kontziliazio erantzukidearen alde lan egiten duten hainbat eragilek parte hartuko dute: Asmubek, BKLk, CAFek, Goiekik, merkatariek, eskolek… Herritarrak sentsibilizatuko dituzte, berdintasunaren aldeko ekintzak sustatuta edo konpromisoak hartzeko premia nabarmenduta.