Oriora ibilaldia egingo dute larunbatean Ordiziako Mendizaleek 62. aldiz
Goizeko 05:00etan Zuhaztitik aterako dira; 14:00ak aldera iritsiko dira Oriora eta bertan bazkalduko dute. Gipuzkoan barrena 33 kilometro egingo dituzte eta tartean, berrindartzeko bi geldialdi
Aspaldiko ohiturari jarraituz, Ordizia-Orio ibilaldia egingo dute asteburuan 62. urtez. Ordiziako Kaiku izeneko mendizale kuadrilla bat hasi zen antolatzen eta duela urte mordoska bat, 1980. urteaz geroztik, Ordiziako Mendizaleak elkarteko lagunek hartu zieten erreleboa antolakuntzan.
Larunbatean, eguzkia ateratzen hastearekin batera abiatuko dira Ordiziako mendizaleak Oriorantz. Ibilbide polita dute aurretik. Ordiziako Zuhaiztitik 05:00etan aterako dira eta Santutxu, Bidania eta Aia igarota, Oriora iritsiko dira. «Eguerdi parterako iristea», espero du Juan Mari Garmendia Ordiziako Mendizaleetako kide eta ibilbidearen antolatzaileetako batek. «Orion pote batzuk hartu eta denok elkarrekin bazkalduko dugu».
Mendi buelta eder eta luzea izango da, eta kirola egiteaz gain beste hainbat gauzatarako ere balio izaten dute horrelako irteerek. «Aisialdi aukera paregabea, gainontzeko partaideekin harremanak estutu eta sortzeko ere balio dute». 80 bat lagunek parte hartuko dute aurten.
Guztira, Gipuzkoako menditan barrena 33 kilometro egingo dituzte. Oriora 14:00ak aldera iristea aurreikusten dute. Zailtasun maila handikoa ez bada ere, mendian oinez ibiltzen ohituta dauden haientzat izango da.
Ibilbidean zehar, hainbat geldialdi egingo dituzte, zerbait gosaldu eta mokadutxo bat jateko, oinez jarraitzeko indarrak ez galtzeko.
Zelatunera iristerakoan, «indarrekin daudenak Erniora igoko dira» eta handik Iturriozera jaitsiko dira. Hantxe egingo dute lehenengo geldialdia. Salda, eta haragi eta txorizo egosia izango dituzte, besteak beste. Hurrengo geldialdia, Aian egingo dute. Taldearen argazkia ere aterako dute bertan.