Ormaiztegiko IV. kulturarteko gastroazokan lortutakoa, Kellesensarentzat
Hezkuntza eta osasun proiektuak egiten dituzte Kellesensa Gobernuz Kanpoko Erakundearen bidez, Senegalgo Kelles herrian.
Ormaiztegiko Udalak eta Zumalakarregi Museoak ekainaren 12an antolatutako IV. kulturarteko gastroazokan bildutako dirua Kellesensa Gobernuz Kanpoko Erakundera bideratuko dute. Gaur Ormaiztegin izan da erakundearen arduraduna den Sebas Gartziarena Jon Enrique Galarza alkatearekin, Jone Usabiaga eta Juan Lobato zinegotziekin eta Lurdes Azpiazu museoko koordinatzailearekin, dirua jasotzen. Gastroazokan zortzi herrialdetako 22 jaki dastatzeko aukera izan zuten herritarrek euro baten truke.
Proiektu ezberdinak egiten dituzte Kellesensaren bidez Senegalen dagoen Kelles herrian. Batik bat osasuna eta hezkuntza dute ardatz: tartean, egoera larrian daudenei asistentzia eman, ikerketa proiektuak egin, bertakoei medikuntza formazioak eman, sentsibilizazioa sustatu, eskolak eta bekak eman, material didaktikoa eman edo eskoletako instalazioak hobetzeko proiektuak egiten dituzte.