San Migel baselizako zaindari nekaezina
Juanito Iñurritegi da San Migel baselizako zaindaria duela hamarkada batzutik. Eliza ikusgarria dela dio, baina Legazpin ez dagoela oso baloratuta. Jendeak ezagutu dezan nahi du, bizirik dagoela erakusteko.
Burdinola elkarteak eta Doinua musika eskolak antolatuta, kontzertu bat egin zuten larunbatean Legazpiko hainbat musikarik San Migel baselizan. Urtean bi alditan irekitzen den eliza da, eta larunbatekoa izan zen horietako bat; bestea, San Migel eguna izaten da, irailaren 29a, zaindariaren omenezko urteko meza ematen den eguna. Bi okasioetan, jendeak txukun-txukun aurkitzen du eliza, Juanito Iñurritegiren begiradapean garbitzen delako aurretik. Azken honetan ere hala izan da, eta kontzertua baino bi egun lehenago Burdinolako bi kidek egindako garbiketa lanak gidatu bakarrik ez, egin ere egin zituen.
Juanito Iñurritegi (Legazpi, 1928) ondoko San Migel baserrian jaiotakoa da, eta elizaren zaintzaz arduratzen da azken hamarkadetan.
Eliza garbitu eta atea ireki
«Amak [Anttoni Galarza] erakutsi zidan hemen ibiltzen», eta horregatik hartu zuen eliza zaintzeko ardura, urte askoan utzita, «inork zaindu gabe» egon ondoren. «Orduan ez zen inor arduratzen elizaz, baina garbitu, garbitzen zen, San Migel egunean txukun egoten zen. Gure baserrikoek garbitzen zuten». Garai batean maiatzean loreak ere eramaten zizkioten amabirjinari; gaur irudi hori parrokian dago.
Victor Iartzak parrokiko sakristauaren kargua hartu zuenean hasi zen Juanito baseliza zaintzen, kalera ezkondu ondoren. Iartzaren eskumen guztiekin batera jaso zuen elizako giltza, eta harrezkero, berak gordetzen du; parrokian beste bat dago. Eliza garbitzea da bere eginkizun nagusia, «inguruaz, San Migel baserrikoak arduratzen dira». Inork bisitan joan nahi badu ere, lagundu egiten dio.
San Migel, egun handia
Motxorro eta Mirandaola artean dago San Migel baseliza, izen bereko baserriaren gainaldean. «Ikusgarria da, antzinakoa, baina ez dago oso baloratuta Legazpin», dio atsekabetuta. Mirandaola oso gertu dago, baina bisitariak ez dira iristen, «ez dago interesik, ez dute propagandarik egiten». Ezkontzetarako leku aproposa ere bada, baina Juanitok bakarra ezagutu du, «Elisa Intza bizilagunarena».
Horregatik, gustura hartzen ditu larunbatekoa bezalako kontzertuak, «jendeari hau bizi dela erakusteko balio dute».
San Migel eguneko mezak ere horretarako balio du. Garai batean hamaiketakoa banatzen zuten auzokoek. «Lehen, gure etxean prestatutako gosaria ematen zitzaion apaizari, eta Jesus Segurak ordainduta, hamaiketakoa ere bai meza ondoren, etortzen ziren guztiei. Orduan inguruko jendea etortzen zen bakarrik». Duela gutxira arte mantendu da hamaiketakoa emateko ohitura, azken urteetan parrokiak ordainduta, baina Mirandaolara begira dagoen San Migel baserrikoek prestatuta eta banatuta, tartean Juanito bera izaten zela. Orain ez, meza ematen da bakarrik. Juanito hurrengo San Migel egunaren zain dago dagoeneko.