Xabier Berasategi, Euskaldun trofeoko txapeldun
Laboral Kutxa-Euskadi taldeko txirrindulari olaberriarrak "denboraldi bikaina" osatu du eta erregularrena izan da Euskaldun Txapelketan. Mikel Mujika legazpiarra, bigarren gelditu da.
Txapelketa osoan zehar sailkapenaren buruan ibili eta gero, Xabier Berasategi txirrindulari olaberriarrak irabazi du Euskaldun Txapelketa. Laboral Kutxa-Euskadi taldeko txirrindulariak bi garaipen lortu ditu, eta bera izan da erregularrena txapelketa osoan. Jokatutako 16 lasterketetan, 141 puntu lortu ditu guztira. Asteburuan bukatu da lehiaketa.
Beste goierritar bat, Mikel Mujika legazpiarra, gelditu da sailkapeneko bigarren postuan. Goraka egin du Mujikak azken probetan, eta asteburuan lortu du bigarren posturaino igotzea. Enekoitz Azparren donostiarrak osatu du Euskaldun Txapelketako podiuma.
Hurrengo erronka, Lehendakari Txapelketa
Behin Euskaldun Txapelketa bukatuta, afizionatu mailako txirrindularien hurrengo erronka Lehendakari Txapelketa izango da. Hilaren 29an abiatuko da, Irungo San Pedro Sari Nagusiarekin. Udaran zehar, 18 lasterketa egingo dituzte; denboraldia Zaldibian bukatuko dute, irailaren 18an.