Ataunen, Legazpin eta Ordizian ere San Joan festak ospatuko dituzte
Arrondo auzoan asteburuan egin dituzte lehen ospakizunak. Otegi Enean gaur hasiko dira festak, Telleriarten, bihar. Hiruretan dituzte otordu herrikoiak
Goierriko hiru auzotan ere San Joan jaiak ospatuko dituzte. Ataungo Arrondon, Legazpiko Telleriarten eta Ordiziako Otegi Enean, hain zuzen ere. Gaur hasiko dira ekintzak; Telleriarten bihar ere izango da ospakizunik eta Otegi Enean, asteburu osoan iraungo dute festek.
ARRONDO (ATAUN)
Ataungo Arrondo auzoan ezin zuten gehiago itxaron eta aurreko astean hasi ziren San Joan festekin. Asteburu osoko egitaraua antolatu zuten.
20:00etan kalejira izango dute gaur, herriko soinujoleekin. Auzo afaria egingo dute jarraian, Baztarrikako zelaiko karpan. Trikitilariek eta bertsolariek girotuko dute afalostea. Gauerdian sua piztuko dute.
TELLERIARTE (LEGAZPI)
Telleriarteko bizilagunek «aurten bai», diote. San Joan festei bihar ekingo diete, Goiz Deia txistularien eresiarekin. Meza, ora bedeinkatzea eta luntx herrikoia egingo dituzte goizean; haurren jolasak izango dira arratsaldeko protagonistak.
Etzi, San Joan Txiki egunean, auzo bazkaria egingo dute. Nekazari Anaidiaren 50. urteurrena denez, bazkide sortzaileak omenduko dituzte.
OTEGI ENEA (ORDIZIA)
Otegi Enean gaur hasiko dira jaiak. 17:00etan txupinazoa botako dute Ordizia Rugby Taldeko ordezkariek. 18:30ean eskuargiak egingo dituzte; sardinak jateko aukera ere izango da. 22:00etan San Joan sua piztuko dute, Majori plazan.
Festa asteburu osoan luzatuko da. Bihar arratsaldean haurren futbol eta saskibaloi txapelketak jokatuko dira; bingoa, antzerki musikala, Zazpi arteren eskutik zumba saioa eta mozorro festa ere egingo dituzte. DJ Julenek alaituko du gaua, 22:30etatik aurrera.
Dantzan amaituko dute eguna eta dantzan hasiko dute larunbata. Amets Bide eta Urdaneta dantza taldeek Euskal Dantza erakustaldia egingo dute. 13:00etan trikipoteoa hasiko da, Leire Muruarekin eta Uxue Iruretagoienarekin. Haurrentzako marrazki txokoa egongo da. 14:30ean bazkaltzera eseriko dira, elkarrekin. Paella jango dute. Txotx egiteko aukera ere izango da. Arratsaldean mus txapelketa, Marta Artekin eskulan ikastaroa, Burrunbazale txaranga eta buruhandiak izango dira. Tropikana Son taldearen kontzertuak (23:30) borobilduko du eguna.
Igandean, 11:00etan, haurrentzako eta gazteentzako aupegi eta ile margoketa eta orrazkera saioak izango dira. Aldi berean, gazteen toka lehiaketa jokatuko da. Helduena 16:00etan izango da. Tartean, patata tortilla lehiaketa egingo dute, 12:00etan. Goierriko Bertso Eskolako Irati Sanchez eta Sustrai Goenaga bertsolariek girotuko dute eguerdia. Majori plazan apar festa egingo dute 17:00etan. Magia ere izango da, Marsel ilusionistarekin. Buruhandiek itxiko dute festa, 19:45etatik aurrera.