Esperientzia sentsorialak udarako
Igartubeiti Baserri Museoak ehuna egiteko eta sagar zukua egiteko tailerrak antolatu ditu uztailerako eta abuzturako.
Udarako bisita eta familia jarduerak antolatu ditu Igartubeiti Baserri Museoak. Egitarau berezia prestatu dute esperientzia sentsorialekin ondareari buruzko kontakizun berritzaileak plazaratzeko. Batetik, ‘Ehundu!’ familia-jarduera egiteko aukera izango dute bisitariek uztaileko eta abuztuko asteazkenetan, 11:30ean. Ehundegian ehuna sortuko dute. Bestetik, ‘Egin ezazu zure sagar zukua’ esperientzia sentsorialaren bidez, sagardoa egiteko modu tradizionala ezagutzeko aukera izango da. Sagarra jotzeko egiten ziren musika erritmoak praktikatuko dituzte, kirikoketarekin lotutakoak. Birrindu eta prentsatu ondoren, muztioa dastatuko dute bisitariek. Uztaileko eta abuztuko ostiraletan izango da, 11:30ean. Parte hartzeko beharrezkoa da aurrez erreserba egitea, igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidean edo 943 72 29 78 edo 943 72 51 07 zenbakietan.
Nork bere aldetik ere bisitatu dezake museoa QRen bidez, edo 11:00etan (euskaraz) , 12:30ean (gazteleraz) eta 17:00etan (euskaraz edo gazteleraz) egiten dituzten bisita gidatuen bidez. Haurrentzako probak prestatuko dituzte bisitak dinamikoagoak izan daitezen. Familien liburuxka museoko harreran jaso daiteke.