Goierrin hasi eta bukatuko da Gipuzkoako Itzulia juniorretan
Bihar prologoa Idiazabalen jokatuko da, erlojupekoan. Lehen etapa Zumaian izango da, bigarrena Andoainen eta hirugarrena eta azkena Seguran
Gipuzkoako junior mailako 32. Itzulia Goierrin hasi eta bukatuko da. Bihar lehenengo proba izango dute txirrindulariek. Idiazabalgo Kirol Elkarteak antolatuta, 2,1 kilometroko erlojupekoa egingo dute herritik, Itzuliaren prologo modura. 16:15ean taldeen aurkezpenak egingo dituzte plazan, eta 17:15ean hasiko da proba. 30 segundoko tartearekin irtengo dira ziklistak. Kale Nagusiko 28. zenbakian jarriko dute irteera. Arizkorreta, Olaria eta Ondramuinotik barrena, irteera puntu berean bukatuko dute. Itzuliko lehenengo etapa, halere, Zumaian izango da, larunbatean, 10:30ean hasita. 95 kilometroko ibilbidea egingo dute lehenengo etapa horretan Zumaia, Zarautz eta Meagako gain aldean. Bigarren etapa, berriz, Andoainen jokatuko da, igandean, 16:00etan. 98,5 kilometro egingo dituzte Zizurkil, Asteasu eta Andoain inguruan. Hirugarren eta azkeneko etaparako Goierrira itzuliko dira txirrindulari taldeak astelehenean. Segurako Txirrindulari Elkarteak antolatuta, Seguran irten eta helmugaratuko dira ziklistak.
26 talde lehian
81,6 kilometroko ibilbidea egingo dute hirugarren etapan. Plazatik irtengo dira 16:00etan. Zegama aldera joango dira, berriro Seguratik pasa eta Idiazabalera joateko. Segurara itzuli eta Lierni gainera igoko dira ziklistak. Atagoitiko gaina eta Aztiriakoa pasata Zeraindik eta Mutiloatik Segurara joango dira, bertatik Barbaris gainera igotzeko. Zeraindik Mutiloara eta Segurako plazan helmugaratuko dira 17:40 aldera.
Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak zabaldu duenez, 26 talde ariko dira lehian Itzulian. Lau egunetan, ostiralean, larunbatean, igandean eta astelehenean, guztira 277,2 kilometro egingo dituzte txirrindulariek.
Iaz, Lazkaon
32. edizioa izango da aurtengoa. Idiazabalen eta Seguran ibiliko dira junior mailako ziklistak. Iaz, Lazkaon izan zen itzuliko hirugarren eta azken etapa. Hugo Aznar izan zen itzuliaren irabazlea, bigarren Unai Zubeldia, eta hirugarren Xabier Intxausti.