Joxan Artze oroituko dute igandean Lazkaon, kontzertu batekin
Mixel Ducau eta Caroline Phillips musikariek, Andoni Salamero poetak eta Lazkaoko Kantaka abesbatzak parte hartuko dute.
Hainbat artistak Lazkaon egingo dute Joxan Artze poeta eta musikari usurbildarra omentzeko Artze, Joxan… gogoan! emanaldia. Igandean, ekainak 26, beneditarren Santa Teresa elizan izango da ikuskizun musikala, 19:00etan hasita.
Mixel Ducau eta Caroline Phillips musikari lapurtarrek, Andoni Salamero poeta zumarragarrak eta Lazkaoko Kantaka abesbatzak parte hartuko dute. Hainbat herritan egina dute.
Berezia zen Lazkao Joxan Artzerentzat. «Ezagun da Artzek Lazkao herriari hala nola euskal kulturaren alde lan egiten diharduten Lazkaoko beneditarrei zien estimua, hain zuzen, hauen komentuan, hainbatetan, Aste Santuan egonaldi politak egiten baitzituen, baita Lapurdiko beneditarren Bellocheko monasterioan ere», dio Salamerok.
Artzeren olerkiak irakurriko dituzte, musikaz eta kantuz hornituta. Entzuleek oparitxo bat jasoko dute: olerki idatzi sorta bat.