Parke eolikoaren aurkako mozioa onartu du Zumarragako Udalak
Alderdi guztiak aurka azaldu dira. Kaltetutako gainontzeko udalei proiektuak eragin ditzakeen kalteen aurka elkarrekin lan egitea proposatuko die Zumarragako Udalak
Zumarragako Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiak Buruzai zentral eolikoaren aurka azaldu dira. PSE-EE, EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin-Zumarragak mozio bat onartu dute eta bertan egitasmoa ez dela onargarria diote. Gainera, kaltetutako gainontzeko udalei zentralaren aurkako lan teknikoa elkarrekin egitea proposatuko die.
Mozioaren irakurketan alderdi bakoitzeko ordezkari banak parte hartu zuen. Mozioan Green Capital Power enpresako Green Capital Development sozietateak Eusko Jaurlaritzari aurkeztutako hasierako proiektuaren berri ematen da.
Hasierako dokumentu horretan jasotako datuen arabera, Buruzai zentral eolikoak 184 megawatt-eko potentzia izatea aurreikusten da. Lau aerosorgailu instalatu nahi dira. Izazpiko gurutze zaharrean, Pagotxetan, Oletan eta Pagozurietan (Oletako mendebaldean), gutxi gorabehera.
Buruzai zentraleko aerosorgailuek 115 metroko altuera izango lukete eta beraien palek 77,4 metroko luzera. Zentral eolikoaren instalazioek, aerosorgailuez gain, sarbideak, lurpeko linearen kableaturako zangak, parke eolikoaren sekzionazio zentroa, transformazioko azpiestazio elektrikoa eta Abadiño-Ormaiztegi goi tentsioko lineara lotura hartzen dituzte.
Lurren mugimendua
Zumarragan lau aerosorgailuetako bat instalatzea aurreikusten da, baina parkeko lurren mugimendua Zumarragan da ia erabat. Izazpi, Pagotxeta, Samiño eta Oleta mendietatik igarotzen da eta 176.087 metro kubikoko lur erausketa egitea aurreikusten da.
Enpresak aurkeztutako egitasmoaren arabera, parke eolikora sartzeko bidea Zumarragatik bakarrik igaroko da. San Kristobal auzoko errepidetik eta Oraa Goikoa eta Altxola baserrien ondotik igaroko da.
Zumarragan instalatu nahi duten aerosorgailuak 25,80 metroko diametroa eta 4 metroko sakonera dituen hormigoizko oinarria behar du. Gainera, lurpeko linea eta aireko linearen zati bat Zumarragatik igaroko litzateke. Aireko linea Aizkibel, Leturiondo, Leturierdi, Leturibarrena, Leturigoiena, Olarte eta Kortaberri baserrietatik igaroko litzateke.
Bukatzeko, Buruzai parke eolikoan sortutako potentzia ebakuatzeko, Zumarragan sekzionamendu zentro bat eraikitzea proposatu da. Eraikin horrek 10×5 metroko zabalera edukiko luke.
Hori guztia dela eta, Zumarragako Udalean ordezkaritza duten lau alderdiek parke eolikoa ez dela onargarria diote. «Proiektu hau ez da onargarria, aerosorgailuak instalatu nahi diren Zumarragako udalerriko mendietan eragin ditzakeen kalte ugariengatik. Ondorioz, udal honek eskura dituen legezko baliabide guztiak erabiliko ditu proiektuaren aurka egiteko», diote mozioan.
Gainera, egitasmoaren sustatzaileak espedientean txertatu behar duen ingurumen inpaktuaren azterketaren xehetasun maila gertutik zainduko du Zumarragako Udalak.
Bukatzeko, egitasmoak kaltetutako gainontzeko herriei elkarrekin lan egitea proposatuko die. «Buruzai parke eolikoaren proiektuak Azkoitiko, Zumarragako, Urretxuko, Ezkio-Itsasoko eta Azpeitiko udalerri mugakideei eragiten dienez, Zumarragako Udalak udalerri mugakide horietako udalei proiektu honek eragin ditzakeen kalteen aurkako lan tekniko guztia elkarrekin egiteko prest dagoela jakinaraziko die».