Suarekin ongi etorri udari
Goierriko herri ia guztietan piztuko dute sua San Joan bezperan. Udako solstizioa ospatzeko eta izpiritu txarrak uxatu eta onak erakartzeko errituala da
Gabonak igaro eta sei hilabetera ospatzen da udako solstizioa, urteko gaurik laburrenean. San Joan Bataiatzailearen jaia egun horretan, ekainaren 24an, ospatzen da; Europan gehien ospatzen den santua da, eta munduan onomastika gehien ematen den egunetako bat: Juan, Joan, Jon, Jean.
Bere ospearen arrazoietako bat ekainaren 24a udako solstizioarekin bat etortzea da, antzinako garaietatik herri askorentzat datarik garrantzitsuenetako bat. San Joan eguneko ospakizunek jatorri paganoa dute eta kristau aurreko ospakizunetan oinarrituta daudela diruditen erritual, praktika eta ohitura batzuk jaso dituzte oinordetzan.
Goierrin herri guztietan eta auzo askotan egiten dira suak gaur egun, baina batetik bestera badira aldeak. Batzuetan, gainera, bezperako sua eta herriko festek bat egiten dute. Seguran edo Olaberrian, adibidez
Egun honetako ekitaldi ezagunena San Joan sua da, San Joan egunaren bezperako gauean piztu ohi dena. Era berean, bestelako erritu eta ohiturak ere uztartzen ditu egun horrek. Euskal Herrian adibidez, iturri, putzu eta erreka batzuetako ura edatea eta San Joan eguneko goizeko ihintza zapaltzea osasungarria dela sinetsi izan da. Kea, sua eta sorginkeriarekin lotutako jai magikoa izango da beste behin ere. Euskal Herriko etxe askotako ate eta leihoetan, eguzki berriak etxe horretan bizi direnak bedeinka eta babes ditzan, elorri zuriaren edo lizarraren adaxkak jarri ohi dituzte.
Hainbat herritako plaza nagusietan lizar edo haritz handi bat jartzeko ohitura ere badago. Enborraren bueltan dantzatu ohi dute dantzariek San Joan bezperan. Eta enborrean gora igotzea ere izan da ohitura toki askotan.
Auzo eta baserri ugaritan ere badago ohitura sua pizteko. Suak, eguzki berria indartzen du eta gizakion bekatuak garbitzen ditu. Azken urteotan, pertsona asko oroitzapen txarrak ekartzen dituzten objektuak sutara botatzen hasi dira, eguzki berriak zorte hobea ekarriko dielakoan.
Su Eskolaren aholkuak, segurtasunerako
San Joan bezperan ondo pasatzea da helburua eta hori horrela izateko hainbat gauza kontuan izatea ez dago soberan. Horretarako, Su Eskola Fundazioak segurtasun aholkuak eman ditu San Joan bezperarako: sua eremu seguruetan prestatzea, eraikinetatik eta ibilgailuetatik urrun; argindar eta telefono sareetatik urrun egitea sua; suaren barreiatzea ekiditeko sua egingo den eremua aldez aurretik garbitzea; sua egiteko materiala lau metro baino gehiago ez pilatzea; haize handia egiten badu surik ez piztea; sua pizteko papera eta lasto lehorra erabiltzea, eta ez gasolina bezalako likido sukoiak; pertsona heldu baten gainbegirada izatea; ondoan itzalgailu edo mauka bat izatea prebentzio neurri bezala; azkenik, txingarrik edo hausberorik piztuta gelditzen ez dela egiaztatu eta lurrez edo hondarrez estali sua egindako tokitik alde egin baino lehen.