Xabier Berasategi Euskaltel-Euskadin ariko da
Talde laranjak bi denboralditarako fitxatu du txirrindulari olaberritarra. Aurten egindako denboraldi bikaina borobildu du horrela. Profesionaletarako jauzia emango duela eta, "oso pozik" agertu da Berasategi.
Denboraldi borobila egin du aurten Xabier Berasategi txirrindulari olaberritarrak, eta irabazitako lasterketez gain, beste sari bat iritsi zaio orain. Euskaltel-Euskadi taldeak fitxatu du datozen bi denboraldietarako, talde laranjak gaur baieztatu duenez. 2019tik, Laboral Kutxa taldean aritu da.
Berasategi gustura agertu da berriarekin. “Ilusio handia egiten dit etxeko taldearekin profesionaletara igotzeak. Denok amesten dugu txikitan maillot laranja hau janztearekin, eta oso pozik nago horrenbestez”. Laboral Kutxa taldean lau denboraldi egin ditu, eta osoa esperientzia ona izan du. “Helburua urtero txirrindulari bezala hobetzea izan da eta azkenean jauzi hau emateko aukera iritsi zait. Urte hauetan pertsona, zuzendari, txirrindulari eta entrenatzaile askorekin lan egin ahal izan dut, eta nik pauso hau eman ahal izan badut, haiei esker izan da zalantzarik gabe, eta ez ditut ahaztu nahi urte hauetan animatu nauten guztiak”.
Jorge Azantza, Euskaltel-Euskadiko kirol arduradunak ere hitz onak izan ditu Berasategirentzat. “Xabier etxeko txirrindularia da, amateurraren lehen urtetik, eta aurrera egin du denboraldiz denboraldi. Urteekin heldu eta hazi egin da, eta denboraldi honetan aurrerapauso nabarmena eman du, garaipenekin eta ohorezko postu ugarirekin; erregularra da, gainera, eta amaiera ona du helmugetan”. Txirrindularitza profesionalean lekua baduela uste du Azantzak. “Oso mutil lasaia da eta oso ondo egokitzen da Euskadi Fundazioaren proiektu eta filosofiarekin”.
2022a ez du berehalakoan ahaztuko Berasategik. Euskaldun Txapelketa irabazi berri du aurten, eta garaipen bana lortu du Colindres, Beasain eta Markinako lasterketetan. Beste sei probetan ere, podiumeko postuetan bukatu du. 23 urtez azpikoen lau urteko ziklo naturala beteta, profesionaletarako jauzia emango du orain, aurretik Iker Ballarin, Xabier Mikel Azparren, Asier Etxeberria, Unai Iribar edota Xabier Isasak emandako pausoak jarraituz.