Zaldibiako mendi lasterketetan etzi Aralarrera itzuliko dira korrikalariak
Etzi jokatuko dira hirugarren ekitaldiko karrerak. Ibilbide luzean Ganboraino iritsiko dira, eta laburrean Ausa Gaztelura joan-etorria egingo dute. 205 partaide aterako dira
Etenak eta murrizketak atzean utzita, abiadura hartzeko ekitaldia jokatuko dute etzi Zaldibiako Mendi Lasterketetan. Hirugarren edizioa dute, eta 28 kilometroko eta 1.950 metro positiboko trail distantzia luzea —herri lurretan eta Enirio-Aralar Mankomunitatearen lurretan— eta 15eko eta 1.000 positiboko esprint distantzia motzagoa —herri lurretan, Ausa Gaztelura joan-etorria— izango ditu.
Guztia prest du Ausa Gaztelu Mendi Klubak. 205 korrikalarik eman dute izena, bietan. Erdi eta erdi aterako dira, ehun-bat luzean (09:00etan abiatuta) eta beste hainbeste motzean (09:30ean); tartean, 30 zaldibiar. «Parte-hartzaile kopuruarekin oso gustura gaude. Garai honetan karrera asko dago edonon, eta jendeak aukeratu behar izaten du. Iaz ikaragarri jende etorri zen, baina aurten ere, beste herrietako kopuruak ikusita, ondo ibiliko da», azaldu du Unai Belokik.
Festa kutsua itzuli nahian
Goierri Kopa Traileko faboritoak biltzeaz gain, gizonetan Hassan Aitchaou edo Aitor Zunzunegi legorretarra partaide izango dira; emakumeetan, Andrea Garai edota Aitziber Ibarbia.
Festa giroa eman nahi diote mendi lasterketen ingurumariari. Bazkaltzeko paella jana antolatu dute. Boluntarioentzat ere karrerako elastiko bereziak atera dituzte, hiru urtean emandako laguntza eskertzeko. Korrikalariek ere jasoko dute bere kamiseta, opari poltsan.
Euskaberrek ere arrautzaren desafioa mantenduko du, baina partaide guztiei irekita. Gazteluko puntara irteeratik arrautza bat eskuan osorik eramaten duten denak sartuko dira zozketan.
ZALDIBIAKO MENDI LASTERKETA
· Eguna. Larunbata, ekainak 25.
· Antolatzailea. Ausa Gaztelu Mendi Kluba.
· Probak. Zaldibiako Mendi Lasterketa, 3. ekitaldia. Goierri Kopako bi sarietarako baliagarria.
· Sariak. Lehen hiru gizonezko eta lehen hiru emakumezko.
· Dortsalak. Egunean, 07:00etatik 08:30era, plazako frontoian.LASTERKETA LUZEA
· Hasiera. 09:00etan.
· Distantzia. 28 km.
· Desnibela. 1.950 m
· Ibilbidea. Zaldibia-Ibarguren-Olakosai-Ausa Gaztelu-Ganbo-txiki-Ganbo-Uarrain-Oiduegi-Errekonta-Olakosai-Zaldibia.
· Anoa guneak. 5, solido-likidoak.
· Denbora-muga. 4:30 ordu.LASTERKETA LABURRA
· Hasiera. 09:30ean.
· Distantzia. 15 km.
· Desnibela. 1.000 m
· Ibilbidea. Zaldibia-Ibarguren-Olakosai-Ausa Gaztelu-Zaldibia.
· Anoa guneak. 3, solido-likidoak.
· Denbora-muga. 4:30 ordu.