Ataungo jentilak gizakien oldearen erdian berriro
Euskal mitologiaren erpin ugari jorratuko dituen V. Mitoaldia bihar hasiko da Ataunen, Troskaeta kobara joanda. Mota askotako ekitaldiz hornitu dute egitaraua, Gau Ibilaldi Mitologikoarekin bukatuko dena.
Kixmik gizakiengandik ihesi lurperatu zuela bere burua, baina jendetzarengana itzuli nahi dute gaur egungo Ataungo jentilek. 2020an eta 2021ean pandemiagatik etenaldia egin behar izan ondoren, uztailaren 9an izango dute aukera: IX. Gau Ibilaldi Mitologikoan 1.200 lagun elkartzekotan dira Jentilbaratza kultur elkartekoak.
Orduraino iritsi aurretik ere, ordea, izango da mitologiarekin gozatzeko beste gairik Ataunen. V. Mitoaldia bihar hasiko da, eta mundu magiko antzinakoarekin uztartzeko pagotxa eskainiko du. Bi ibilaldi gidatu, hitzaldi bat, aipaturiko gaueko ibilaldi antzeztua, eta Barandiaran Museoan udalekuetako haur taldeentzat mitologian murgiltzeko jarduerak antolatu dituzte.
Atzo aurkeztu zuten Mitoaldia Jentilbaratza elkarteko, Barandiaran Museoko eta Ataungo Udaleko ordezkariek, egitarauaren gune garrantzitsu izango den museoaren atarian bertan. Ataun osora zabalduko dute begirada antolatzaileek eta pausoa bisitariek, hala eta guztiz.
Troskaetako koban hasiera
Hamaika mitoren sorleku izan diren kobazuloetako bat sakonean ezagutzeko bisita gidatua egin ahalko da, bihar. Troskaetako kobara joango dira, Jon Fontenla adituarekin. Bai irteera horretarako —jende muga 25 lagunekoa da kobaren barruan—, bai Gau Ibilaldi Mitologikorako jende ugari espero denez, txartelak jentilbaratza.eus webgunean erreserbatu behar dira. Sarrera doan da, edozein kasutan.
Oro har, Ataungo herria euskal mitologiaren «erreferentzia nagusi» izaten jarraitzeko asmoa dute eragileek Mitoaldiarekin, Barandiaran Museoaren koordinatzaile Amaia Vicentek zehaztu duenez. Ataunentzat arlo hori «garrantzitsua» dela aitortu du Martin Aramendi alkateak. Antolatzaileen lana txalotu du, eta elkarlana goratu zein ekimen horiek euskal kulturari eta hizkuntzari ematen dioten «ekarpena» baloratu ditu.
Jentilbaratza elkarteko Mikel Egigurenek transmisioaren jarraipena eta «katea ez etetea» izan du hizpide. Ataungo 150 bizilagunek parte hartuko dute, antzezten edo antolatzen. Tortok eta Sanmartintxikik ez dutela hutsik egingo ziurtatu dute.













