Duela 70 urteko San Pedro festak gogoan
Arriarango San Pedro festetako kartelari auzoa Beasaini batu zitzaioneko 25. urteurreneko ospakizuneko eskuorriaren itxura eman diote. Arriarango historia berreskuratzen ari dira.
Arriaran Itsasotik bereizi eta Beasainera batu zeneko mendeurrena bost urte barru ospatuko dute. San Pedro jaietarako ez dute horrenbeste itxaron beharrik izango. Bihar omenduko dute santua.
Aurtengo kartelari antzinako kutsua eman diote. Baina ez da edozein diseinu, oinarri gisa auzoa Beasaini batu zitzaioneko 25. urteurreneko ospakizuneko eskuorriaren itxura eman baitiote. 1952. urtea zen. «Hura gaztelaniaz zen. Hau, euskaraz», nabarmendu du Iker Santxo Intxaurpe elkarteko kideak. «Orduko eskuorriak bereizketa aipatzen du. Noski, 1952. urtean oraindik bizi zen aldaketa ezagutu zuen jendea eta banaketa horri garrantzia ematen ziote. Guk jada galdu dugu hori. Guk nahi duguna da, besterik gabe, herriaren egoera aztertu, ezagutu nondik gatozen, auzoa biziberritu… lehengoa hartu eta aurrera begira jarri», gaineratu du.
Santxo, EHUko ikerlaria ere badenez, Arriarango historia berreskuratzeko lanetan dabil. «Dokumentu piloa dugu», dio. Esaterako, bertako baserri guztietako azken hiru mendeetako egoiliarren zerrenda osoa dute.
Egun jende gutxi bizi dela dio, baina Arriaranekin zuztarrak dituen jende ugari dagoela inguruan nabari du. Intxaurpe elkartean, esaterako, 83 bazkide dira. «Mugimendu gehiago nahiko nuke eta bazkide berrientzat irekita gaude, baina ez naiz kexatzen. Gustura gaude».
Bildutako informazio guztiarekin liburu bat egin nahiko lukete, jasota gelditu dadin. «600 urte Itsason, 100 urte Beasainen. Halako zerbait dugu buruan».
Auzotar berriak
Auzoa biziberritu eta jende gaztea erakartzeko helburuarekin apaizetxea gizarte alokairuko etxebizitzetara bideratzeko lanean ere ari dira. Beasaingo Udalarekin eta elizbarrutiarekin hizketan dabiltza. «Hiru pisuko eraikina da eta solairu bakoitzak 160 metro koadro ditu. Etxe ederra da, baina hutsik dago. Dezenteko obra behar du, gainera. Egin ezean erori egin daiteke eta pena litzateke», azaldu du.
Auzoko lurrak ustiatzeko kooperatiba bat ere sortu nahi dute. Santxok azaldu du baserriak hustu ahala lurren ustiapena txikitu egin dela, ia zer lur norena den ez jakitera arte. Bertako ohiko espeziek landatu nahi dituzte. Beasaingo herrigunearen eta Arriaranen arteko oinezko bide zaharra ere berreskuratu nahi dute. Nazional 1 errepide zaharra egin aurretik, Gudugarretatik barrena joaten ziren oinezkoak. Santxok dio bidea egon badagoela eta gutxi batzuk erabiltzen dutela, baina txukuntzea falta dela.