Helmuga Turistiko Adimendunen sarean hazten ari da Goierri
Bost ardatz nagusitan eraikiko dute Goierri beheko turismo estrategia eredu berria; gobernantza, berrikuntza, teknologia, jasangarritasuna eta irisgarritasuna
Turismo Helmuga Adimendunen proiektuarekin bat egin du Goierri beheak, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Basquetourren eskutik. Orain, Gipuzkoako barnealdeko harana Turismo Helmuga Adimendunen Sareko kide bihurtu da, eta plan pilotu bat martxan jarriko dute. Xehetasunen berri eman dute, Jesus Garcia de Cos Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza Sailburuordeak, Carlos Romero Dexeus, Segittur-eko zuzendariak, Niko Osinalde Goitur-eko Zuzendariak eta Mikel Plazaola Goiturreko lehendakariak.
Duela 25 urte sortu zen Goitur eta sorreratik akuilu lana egin du beti, Goierri eredu turistikoa sortzeraino. Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak azpimarratu du, momentu honetan, «industria turistikoaz ari garela, jarduera ekonomiko bezala, hau da, ez gara ari bisitariari begira bakarrik, bertako herritarrei ere begira gaude, zeren Goierri eta goierritarrentzat ona dena, bisitarientzat ere ona izango da». Goiturren lehentasuna izango da, «enpresak prestatzea, kontsumo eredu aldaketarako». Izan ere, «helburua ez da lehenak izatea Turismo Helmuga Adimenduaren zigilua lehenbailehen lortzen, baizik eta adimenduak izaten Goierri turismo helmuga izan dadin».
Bost ardatz
Bide horretan jarriak daude, eta osatu berri duten diagnostikoak lagunduko die etorkizun hurbilean ere zer esan handia emango duen plan estrategiko turistikoaren lerroak idazten, eta hain zuzen ere, Segittur (Berrikuntza eta Teknologia Turistikoak Kudeatzeko Estatuko Sozietatea) buru duen proiektu honen helburua izango da, «gune turistiko berritzaile bat sortzea, guztiontzat irisgarria, abangoardiako azpiegitura teknologiko baten gainean finkatua, lurraldearen garapen jasangarria bermatzen duena, bisitariaren eta ingurunearen arteko interakzioa eta integrazioa errazten duena, helmugan duen esperientziaren kalitatea hobetzen duena, eta egoiliarren bizi kalitatea hobetzen duena», azaldu zuen Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak.
Hain zuzen ere, Helmuga Turistiko Adimendua ezartzeko bidea lankidetzan ari dira garatzen, eta jasotako informazio guztia aztertu ondoren, bost ondorio nagusi zehaztu dituzte: Gobernantza eguneroko lanean eta etorkizuneko garapenerako helburuaren ildo estrategikoetan txertatuta egon behar duena, eta Goiturren sendotasunean eta lan onean oinarritutako ardatza dena; berrikuntza, lehiakortasun turistikoan funtsezko elementu dena, Goierrin sistematizatzen hasteko lehen urratsak eman dira; teknologia berrien erabilera, hobetzeko bidean dagoena, batetik, destinoaren barne kudeaketan eraginkortasuna lortu eta tokiko turismo enpresei balio handiagoko zerbitzuak eskaintzeko, eta bestetik, Goierriko bisitariek esperientzia turistikoaren ziklo osoan eska ditzaketen komunikazioa eta zerbitzuak hobetzeko; jasangarritasuna, ibilbide luzeko eta oinarri sendoa duen ardatza dena, eta Goiturren konpromisoan oinarrituta dagoena; eta irisgarritasuna, udalekin lankidetzan, hobetzeko urratsak eman dira, baina oraindik badaude hobetzeko gaiak.
Ekintza plana
Diagnostikoaren ondorioekin Goierri eskualdearentzat, turismo alorreko egitasmo estrategiko bat lantzen ari dira, Segittur-ekin batera. Bertan ehun gomendio inguru zehaztu dituzte, HTA baten eskakizunekin lerrokatzeko helburuarekin. Horrez gain, azaldu dute Segittur-en lantaldearekin lanean jarraitzen dutela ekintza planak proposatuko dituen estrategiak garatzeko, arlo bakoitzean adituak diren enpresa espezializatuen laguntzarekin beti ere.