Bear taldekoek aro aldaketa irudikatu dute erakusketarekin
Bearren ikasturte amaierako erakusketa zabalik dago. Jokin Telleria irakaslea omendu dute, erretiroa hartuko duelako. Iban Aranburuk hartu du bere lekukoa
Bear elkartearen ikasturte amaierako erakusketaren ostiraleko inaugurazioa agurra eta ongi etorria bilakatu zen. Jokin Telleria irakasleak erretiroa hartu du eta oporretatik bueltan Iban Aranburu izango da arduraduna. Aranburu pintura zaletuen elkarteko ikaslea izan da orain arte.
Telleriaren ikasleek Diego Velazquez margolariaz mozorrotu zuten eta Bakoren garaipena koadroarekin photocalla egin zuten. Denek nahi zuten argazkiren bat eguneko protagonistetako batekin.
Leire Artola Beasaingo alkateak irakasle ohiari errotarri bat oparitu zion oroigarri gisa. Telleriak oroitarriaren eta elkartearen arteko metafora bat egin zuen: urak aldatu arren errotarriak bueltaka jarraitzen duela esan zuen, eta Bear pintura elkarteak ere aurrera jarraituko duela Aranbururen gidaritzapean. Txaloka erantzun zioten orain arte bere ikasle izandakoek.
44 lan
Erakusketa uztailaren 10era arte egongo da ikusgai, egunero, Igartzako jauregiko erakusketa aretoan. 44 lan daude denera, bazkide bakoitzeko bat. Askotariko lanak daude: natura hilak, paisaiak, gizakien zein animalien erretratuak…