Beasaingo Udalak LGTBI+ pertsonen eskubideak bermatzeko ekintza plana izango du
Politika "estrukturalak" egiteko garaia dela dio. Aitortza egin diete kolektiboaren mesedetan lan egin zutenei eta ari direnei
Beasaingo Udalak herriko LGTBI+ pertsonen bizitzen gaineko errealitatea aztertzeko eta ekintza plan bat abiatzeko konpromisoa hartu du gaur, gay, lesbiana, bisexual, transexual eta intersexualen nazioarteko harrotasunaren eta eskubideen defentsaren egunean. “Anekdotikoak diren politikak alde batera utzi eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko garaia da”, adierazi dute.
Plana herriko LGTBI+ mugimenduko kideekin batera diseinatuko dutela ere hitza eman dute. Are, herritar orori egin diote deia, “jendarte anitz honetako kide guztioi eragiten digu aferak eta denoi dagokigu borrokan parte hartzea”, nabarmenduta.
Aitortza
Beasaingo Udalak aktibistentzako esker oneko hitzak izan ditu, gizarte-eraldaketan egindako lanagatik. Askok denbora eta izerdia eskaini dutela gogorarazi dute, baita bizia galdu duenik ere. Belaunaldi berriei lortzeko dauden eskubide askoren alde lan egiteko eskatu diete. “Trans kolektiboaren eskubideak, ikusgarritasuna, elkarbizitza, errespetua, aniztasuna eta Giza Eskubideak sustatu behar ditugu”. “Txikia izanik ere, ekintza oro da garrantzitsua aniztasunaren borrokan”.