Euskara sustatzeko konpromisoa berretsi dute kirol taldeek eta udalak
Duela 15 urte jarri zuten martxan Ordizian kirola euskaraz! kanpaina. Kirol taldeek euskararen erabilerarako egunerokoan dituzten oztopoak partekatu dituzte
Ordiziako hamazazpi kirol elkartek euskararen erabilera bultzatzeko konpromisoa berretsi dute, sinatu duten hitzarmenarekin. Udaleko Euskara Zerbitzuak duela 15 urte inguru jarri zuen martxan Ordizian kirola euskaraz! kanpaina. Horren baitan, kirol taldeek euskararen erabilera bultzatzeko hainbat konpromiso hartu zituzten. Atzo sinatu zuten hitzarmenarekin pauso bat gehiago emango dute eta ekindako bidea indartuko dute.
Barrenan egin zuten ekitaldia. Ordiziako alkate Adur Ezenarrok egin zien harrera akordio honetan parte hartu duten kirol taldeetako ordezkariei. Ongi etorria eman ondoren, taldetan eseri ziren, world cafe izeneko dinamika egiteko. Talde bakoitzak hainbat galderei erantzun behar zien, hala nola, zein oztopo bilatzen duten beren egunerokoan euskara erabiltzeko. Ondoren, ideia guztiak adierazi zituzten.
Bukatzeko, akordioa sinatu zuten eta familia argazkia atera zuten Barrenan bertan.