Orain arteko Goilurrak rally luzeena jokatuko da asteburuan
Hamar erlojupeko zati izango ditu, bi gehiago, eta 116 kilometro denera. Gauez egingo da zati bat, ostiralean. Partaidetza ugaria eta gorena batu du Ikullu Racingek
Antolakuntzan eta kirol mailetan koska bat goratuta jokatuko da ostiralean eta larunbatean IV. Goilurrak Rallya. Eskakizunen azeleragailua gero eta hondorago zapaltzen ari da Ikullu Racing talde antolatzailea, eta jauzi bat igoko dute probaren maila.
Guztira hamar erlojupeko zati edukiko ditu Goilurrak rallyak: bi ostiralean —horietako bigarrena gauez—, eta zortzi larunbatean. Jardunaldi gogorra bezain estua jarri diete zapaturako partaideei. Denera, erlojuaren aurka 116 kilometro, rally nazionalen pareko zenbakiak jada.
Autoen zerrenda ofiziala gaur argitaratuko duten arren, izena emanda 70 talde daudela aurrera liteke. «Partaide zerrendarekin oso-oso gustura gaude. Talde oso indartsuak datoz, goreneko pilotuak. Lehia estua aurreikusten dugu», azaldu du Ikullu Racing taldeko Ibai Agirrek.
Tartean dira Lazkaoko eskuderiako hogei talde, rally munduan egiten ari diren lanaren fruitu. Horrez gain, eta Goilurrak Pirelli Cantabria Koparen barruan ere sartu dutenez, Kantabriako pilotu mordoxka izango da Goierriko, Tolosaldeko eta Urola Erdiko errepideetan, hiru bailaretan jokatuko baita proba.
Erdigunea, Lazkaon
Motor ikuskizuna ostiral arratsaldean hasiko da, 14:30ean zabalduko dutelako parke itxia Lazkaoko Euskadi enparantzan. Egiaztapenak 16:00etan egin, eta 19:30ean abiatuko dira irteerarantz. Asistentzia gunea Lazkaoko Zubierreka industrialdean kokatuko dute, bi egunetan.
Ostiralean bi erlojupeko izango dituzte, Mandubiako bi aldeak batzeko. Garin-Matxinbenta egin ostean, Azkoitian ospatuko dute irteera ekitaldia —jada lasterketa hasita dela—. Bueltakoan, ia gaututa, jokatuko da bigarren zatia: Matxinbenta-Garin. Nobedadea izango da gauezko hori.
Larunbata, maratoirako eguna dute. «Goilurrak erresistentziako rallya izango da ia, irautekoa. Bi erlojupeko zati gehiago sartu dizkiogu. Zapatuan 90 kilometro egin beharko dituzte, eta oso-oso ondo prestatuta behar dute autoak eta pilotuek hori jasateko», gehitu du Agirrek.
Radar bat, sarirako
Berritasun gehiago badakartza IV. Goilurrak. Iaz Goierriko Rallyesprintean probatu zuten abiadura handienaren saria izango da, adibidez. Ibilbideko toki batean radar bat kokatuko dute, eta handik azkarren pasatzen den taldeak saria jasoko du. Ez dute jakinaraziko zehatz non egongo den radarra, eta partaideek ere ez dute jakingo. Rallyesprintean, 192 kilometro ordukoa izan zen neurtutako abiadura biziena.
Bestetik, 7. eta 10. erlojupekoak zuzenean emango ditu Euskal Kirola Telebistak webgunean (www.euskalkirolatv.eus). Programa bat ere egingo dute, pilotu eta kazetariekin, set batetik. Ikusleei toki seguruetan jartzeko eta ingurua garbi uzteko eskatu die antolakuntzak.
IV. Goilurrak Rallya
OSTIRALA, UZTAILAK 1
· 14:30. Taldeen iritsiera eta Zubierreka industrialdean (Lazkao) asistentzia gunea muntatu.
· 16:00. Egiaztapenak Lazkaoko Euskadi enparantzan.
· 19:30. Lehen partaidearen irteera parke itxitik, karrerarantz.
· 20:05. TC1 Etxezuri Garraioak lehen erlojupekoa: Garin-Matxinbenta (12,11 km).
· 20:45. Azkoitian irteera ekitaldia.
· 22:10. TC2 Berri Motor zatia: Matxinbenta-Garin (12,34 km). Gaueko zatia. Parke itxia Lazkaoko plazan.LARUNBATA, UZTAILAK 2
· 07:30. Irteera parke itxitik.
· 09:00. TC3 Kia Novocar zatia: Azkarate-Olaso-Madariaga-Azkoitia (10,89 km).
· 09:25. TC4 Carza Motor zatia. Aizpurutxo-Elosua-Bergara (14,26 km).
· Gero. Bergaran bateratzea eta asistentzia Lazkaon.
· 12:00. TC5 Kia Novocar zatia.
· 12:25. TC6 Carza Motor zatia.
· Gero. Zumarragan bateratzea (festak) eta bazkaria. Asistentzia.
· 15:40. TC7 Aramauto zatia. Albiztur-Urkizu-Tolosa (9,9 km).
· 16:15. TC8 Osinalde Desguazeak zatia. Zaldibia bidegurutzea-Gaintza-Larraitz-Zaldibia (10,78).
· Gero. Bateratzea Lazkaon.
· 18:05. TC9 Aramauto zatia.
· 18:40. TC10 Osinalde zatia. ‘Power stage’ puntuaketa berezia.
· 19:00. Parke itxiera, Lazkaon. Ondoren. Sari banaketa eta bukaera, Lazkaoko plazan.