Vianak irabazi du Zumarragako pilotarien arteko 'derbia'
Josu Viana eta Beñat Agirre zumarragarrek jokatu dute Gipuzkoa mendebaldeko lau t'erdiko finala.
Larunbatean, Gipuzkoako mendebaldeko lau t’erdiko txapelketako finala jokatu zen Zumarragako Beloki pilotalekuan. Finala Beloki Pilota Kirol Elkarteko bi pilotarik jokatu zuten: Josu Vianak eta Beñat Agirrek. Viana nagusitu zen bi zumarragarren arteko lehian: 22 eta 7 irabazi zion Agirreri.
Egun berean eta toki berean, Zumarraga Hiria pilota txapelketako finalak jokatu ziren. Nesken finalean, Iraide Iriartek eta Irati Altxuk 18 eta 9 irabazi zieten Amaiur Landa eta Janitz Irigoieni. Prebenjamin mailan, Aimar Retak eta Martin Erostarbek 18 eta 5 irabazi zieten Aiur Andueza eta Oihan Muruari.
Benjamin mailan, Eñaut Alonsok eta Aiert Orbegozok 18 eta 15 irabazi zieten Pablo Mendizabal eta Markel Gabirondori. Kimu mailan, Oier Nebreda eta Iosu Mendizabalek 18 eta 11 irabazi zieten Unax Larrañaga eta Eneko Abarrategiri.
Kadete mailan, Eneko Garcia eta Markel Imaz nagusitu ziren. 18 eta 13 irabazi zieten Mikel Damian eta Ugutz Lasari. Bukatzeko, gazte mailan Julen Armaolea eta Oier Plazaola nagusitu ziren. 18 eta 17 irabazi zieten Aimar Usabiaga eta Beñat Leundari.
Pilota txapelketa honetan Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako 100 haur inguruk parte hartu dute. Neskak Lemoa, Sunbilla eta Iturenetik etorri dira, besteak beste.