Zaldibian hiru eguneko Gazte Festa ospatuko dute, bihartik larunbatera
Umeentzako jolasak eta dantza emanaldia daude bihar; ostiralean, sasi-pilotari txapelketa eta kontzertuak; eta larunbatean, mozorro festa.
Rodeo taldeak joko du, beste talde batzurekin batera, larunbatean. Zaldibiako Gazte Asanbladak 24. Gazte Festen egitaraua prestatu du, bihartik larunbatera bitarte. Umeentzat ur jolasak egingo dituzte errekan bihar, 16:00etan. Arkakusoaren jaitsiera gaztetxean (18:30), buruhandiak eta trikipoteoa, plazan afaria ogitartekoekin, eta Alurren Itsas lapurrak emanaldia (22:00) izango dira.
Ostiralean, Oskarbi Jauregi presoari bisita egitera joango dira, 09:45ean plazatik irtenda, Martuteneko kartzelara. Izena emateko Illatiko zerrendan apuntatu behar da.
Arratsean, Sasipilotari herriko esku pilota txapelketaren finala (18:30), sagardo dastaketa (20:00), zezen-suzkoa (22:00) eta kontzertuak egingo dituzte. Iltze, Mehatxuka, Rodeo eta Tokan 2 La Polla taldeek joko dute, 22:30etik.
Mozorrotuta larunbatean
Gazte Festaren azken jardunaldirako, larunbatean, mozorrotuta aterako dira gazteak kalera. Kantu-bazkaria egingo dute 14:00etan plazan. Txartelak Illati tabernan dauzkate salgai, 8 euroan. Bingo jolasa antolatuko dute bazkalondorako.
Bukatzeko, Distopia elektrotxarangak alaituko ditu Zaldibiako plaza eta ingurumariak, 18:30ean hasita. Azkenik, hiru talderen kontzertua egingo da, plazan. Little Martin Selektah, Apolog’s eta DJ Maixu taldeek joko dute.













