Bizikletako ekimen solidarioa Goierrira iritsiko da larunbatean
Minbizia duten haurren guraso elkarteak zeharkaldia egingo du Euskal Herrian barrena. Larunbat eguerdian Gabirian egingo dute geldialdia.
Minbizia duten haurren gurasoen Bizkaiko Aspanovas elkartearen alde erronka solidarioa egingo da asteburuan: 700 kilometroko bizikleta zeharkaldia, Euskal Herrian barrena. Bihar 14:00etan hasiko da Berriatuan (Bizkaia), eta igandean leku berera itzuliko dira. 50 orduan etenik gabe ibiliko dira.
Aspanovas elkartearen eginkizunetan laguntzeko, ikusgarritasuna eta laguntza ekonomikoa ematea da asmoa, Helburuak elkarteak antolatuta. Diru bilketa kanpaina ere abian dute.
Gabirian geldialdia etzi
Katxiporretako pailazoek ere bat egin dute. Irteeran Porrotx egongo da, eta zeharkaldian Agertxo Piratak parte hartuko du. Zazpi txirrindularik ibilbide guztia osorik egingo dute, tartean Markel Irizarrek, eta horiei lekuan lekuko herritarrak batzea da ideia, kilometro batzuk batera egiteko.
Goierritik ere pasatuko dira Agertxo Pirata 2.0 ekimen solidarioko txirrindulariak. Larunbatean Gabiriara iritsiko dira, 13:10 aldera. Ibilbidearen erdi bidea izango dute, 371. kilometroa. Azpeititik iritsiko dira Goierrira, eta Elorriora segiko dute.