Igo santaisabeletako trenera
Haurrak izan dira Santa Isabel festetan murgiltzen lehenak. Pregoia, berriz, Urola taldeak egingo du. Maddi Barrena, Irati Etxeberria, Miren Hernandez eta Lide Mendiaraz izango dira ezpata-dantzako kapitainak.
Pandemiak jaietako trena geldirik eduki du azken bi urteetan. Zorionez, ez dago jendearen festa gogoarekin akabatuko duen birusik eta dagoeneko festak ospatzen ari dira Euskal Herriko herrietan. Jaietako trenak Zumarragan egingo du hurrengo geldialdia. Hurrengo geltokia: Santa Isabel.
Lehen ekitaldiak asteburuan izan ziren. Larunbatean, dantza libreko txapelketa, pintxo lehiaketa, mus txapelketa eta Goiargi abesbatzaren eta Ghost Number taldearen kontzertuak egin ziren. Igandetik, haurrak dira protagonistak. Igandean haurren danborrada egin zen eta atzo txu-txu trena, haurrentzako jolasak eta apar-festa egon ziren. Gaur ere egongo dira.
Hurrengo ekitaldiak ostiralean izango dira. Ekitaldi nagusiak errekortadoreen erakustaldia, rock eta hip hop kontzertuak eta elkarteen arteko danborrada izango dira. Aurten, plazako obra dela eta, danborradak beste ibilbide bat izango du: Eitza-Elizkale-Iparragirre-Secundino Esnaola-Urola-Secundino Esnaola-Legazpi-Jai Alai-Zelai Arizti-Jai Alai-Iparragirre-Elizkale-Urdaneta.
Zelai Ariztiko geldialdian, pregoia irakurriko dute. Urola Kirol Elkarteko kideek irakurriko dute pregoia, elkartearen 50. urteurrena dela eta. Gainera, Urolak konpainia bat aterako du danborradan.
Larunbatean, zumarragarrek jaietako egun nagusia ospatuko dute: Santa Isabel eguna. Bi urteko etenaldiaren ondoren, zumarragarrek erromeria egiteko aukera izango dute. Aurtengo besarkadak inoiz baino estuagoak izango dira eta kantuak inoiz baino ozenagoak.
Irrintzik aukeratu ditu jada ezpata-dantzako kapitainak: Miren Hernandez, Lide Mendiaraz, Maddi Barrena eta Irati Etxeberria izango dira. Azken bi hauek lehenengoz izango dira kapitain.
Igandeko ekitaldi nagusiak, bandaren kontzertua, kuadrillen arteko Grand Prix lehiaketa eta saloi dantzak izango dira. Astelehenean Bixamona Fest ospatuko dute txosnetan.
Indarkeria matxistarik ez
Santa Isabel jaietako trenean ia mundu guztiarentzat dago tokia. Tokirik ez dutenen artean, matxistak daude. Eragileek jaiak askatasunez eta errespetuz gozatzeko deia egin dute.
Horretaz gain, Zumarragako Udalak, Urola Garaia mankomunitateko Berdintasun arloak eta Itaia emakume langileen antolakunde sozialistak erasoen aurkako protokoloak jarriko dituzte martxan.
Eraso matxista baten aurrean, ez da emakumea bakarrik utzi behar eta erasotzaileari haren jokaeraren aurka gaudela esan behar diogu. Beharrezkoa bada, 112 zenbakira deitu behar da.
Itaiak bere protokoloa landu du. 631 078 714 zenbakira deitu daiteke eta, erasoa txosnetan jazoz gero, edozein barratara jo daiteke. Bestalde, etxeratze kolektiboa egingo dute, Areizaga-Kalebarren plazatik abiatuta: ostiralean eta larunbatean 03:00etan eta 05:00etan eta igandean 03:00etan.