Majoriko eta Altamirako tabernetan, grebara
Ordiziako bi kirol instalazio nagusietako tabernetako langileek greba mugagabea iragarri dute, «lan baldintzak zeharo urratu» zaizkiela salatzeko.
Majori kiroldegiko eta Altamira estadioko tabernetako langileek prentsaurrekoa egin zuten atzo arratsaldean, uztailaren 2tik aurrera greba mugagabea egingo dutela iragartzeko. Bi tabernen kudeaketan BPXPORT XXI enpresa ari da 2021eko urritik eta Ordiziako udaletxeak azpikontratatutako zerbitzu bat da.
Langileak kexu dira, «Majoriko obra, pandemia, ERTE-ak,… sufritu ditugu», baina horrez gain, eta behin lanean hasita, «lan baldintzak zeharo urratu» dizkietela salatu dute.
Alde batetik, «instalazioak segurtasun neurri oso makalak ditu, sukaldeko egitura zeharo aldrebesa da, Majoritik Altamirara eramaten ditugu gauzak, ontziak eta kobratzeko kaja, besteak beste, eta batzuetan gainera ez daukagu zerekin lan egin materialik ez dagoelako. Ordutegi aldetik ere desastre bat da. Egun batetik bestera aldaketa pilo bat jasaten ditugu eta kontziliazioa ezinezkoa bihurtu zaigu. Askotan, bezeroek merezi duten zerbitzua ematea ezinezkoa da antolakuntza behar bezalakoa ez delako». Soldata aldetik ere
«11 urtetan igoerarik gabe» egon direla salatu dute.
Gauzak horrela, «lan baldintzak aldatzea» eskatzen diote enpresari eta baita udalari ere. Horretarako, «lan hitzarmena negoziatzeko» beharra ikusten du ELA sindikatuak. Azaldu dutenez, «enpresarekin negoziatzeko saiakera» egin dute, «baina enpresak ez du nahi».
Gauzak horrela, eta aldaketarik ematen ez den bitartean, mobilizazioak deitu dituzte. Uztailaren 2an, elkarretaratze bana egingo dute Majorin 12:00etan, eta Zuhaiztian 19:00etan. Uztailaren 4tik 7ra, berriz, Altamirako anexoan egingo dituzte elkarretaratzeak, 12.00etan.