San Pedrokoa, ekaineko azkena
Fruitu gorri gehiago atzo, baina harriaren eraginez aurten Goierriko gerezirik gabe joango da denboraldia; aldiz, aste honetako euri gozoa eskertua izan da.
Askotan aipatu izan dugu santutegia eta nekazaritza munduak duten lotura. Gizartearen beraren isla ere bada noski. Garaiak aipatzeko, ez gaur egungo gazteek, baina adinean aurrera doazenek oso ohikoa dute santu baten erreferentzia aipatzea. Eta horrekin lotuta hainbat mozkinari araberako izena jarri izan zaie. Atzo San Pedro eguna zen eta ez zen oharkabean pasatu. Batetik, goiz Urdaneta plazan bezperako su hautsak biltzen ari ziren herriko langileak. Kukuarekin lotuta ere bada makina bat aspaldiko esamolde ezagunetakoa «San Joanetan kuku, San Pedrotan mutu».
Oraindik inork ekarri ez duen arren izen hori daraman sagarra ere bada. Ekainaren bukaeran gaudela alegia.
San Pedro sagarrik ez baina lehen india mahatsa eta andere mahats beltza salgai Aramako Goiko Etxeberrikoak Arantxa Zurutuzaren postuan, Luka iloba lagun atzo.
Haurren oporraldiak hasi direneko seinaletako bat. Bestalde Errezilgo Joxe Antonio Aizpuru atzo ez zen etorri; Azken sagarrekin joan zen astean hemen zen baina ia sagar berri, aran gorri eta momentuan duenarekin 15 egun barru etortzeko asmoarekin agurtu zen.
Bestalde, baba, ilarra, ardi esnea eta udaberriko ziza azkenetan dira. Baba bukatua eta ilarra azkenetan (8-11 €/k.) leka eta guzti. Aire libreko leka hasi da (5-6€/k). Udako tipulina ere bai (2€/sorta).
Euri gozoarekin eskertuta
Arbi hosto berria nabiza delakoa ekartzen hasi da Edurne, ia urte guztian izaten da baina garaiaren eta garatze puntuaren arabera nabiza edo greloa izaten da. Hemen ez dugu ohitura handirik hau jateko baina Galizia aldean oso estimatua da «lakon eta greloak» delakoa. Baratzari buruz galdetuta, oso eskertua izan da bota duen euri gozoa. «Indiabak eta, fresko-fresko ikusten dira, gustu ematen du».
Azkenik, litroren bat edo beste ekarri du Axun Etxeberriak baina ardi esnea ere bukatzear da. Udaberriko ziza bezalaxe atzo 60 kilo (20-40€/k) Lasaren postuan bakarrik.