LegazTipi-tapak festa giroan itxi du denboraldia
Musika emanaldi batekin agurtu dituzte txangoak irailera arte. Patxi eta Iñigo Caballero aita-semeak, Gerardo Ormazabal 'Mala' eta Juan Mari Sasiain arduratu dira musikaz.
LegazTipi-taparen ikasturteko azken irteera egin zuten atzo, eta irailaren hasierara arte agurtu zituzten paseo edo ibilaldi osasungarriak. Ostegunero bezala, 10:30ean abiatu ziren plazatik 30-bat lagun, eta txango labur bat egin zuten herrian zehar.
Paseoaren ondoren, ikasturtea agurtzeko festa egin zuten Gizarte Zentroan, eta pintxo batzuk jan eta gero, musika saio batez gozatzeko aukera izan zuten bertan ziren guztiek, eta dantza egitera ere animatu ziren batzuk. Nagusilan elkarteko kide den Patxi Caballero eskusoinuarekin aritu zen, eta ondoan Iñigo Caballero semea izan zuen gitarrarekin, eta Gerardo Ormazabal ‘Mala’ perkusioarekin. Laugarren musikari bat ere elkartu zitzaien, paseo hauetan parte hartzen duen Juan Mari Sasiain, Garaguneko erabiltzailea. “Izugarrizko giroa” sortu zen musika emanaldiaren inguruan, eta “goiz bikaina” igaro zuten LegazTipi-Tapako partaideek eta boluntarioek.