Artisau garagardoen azoka hiru egunez egingo dute Lazkaon
Bihar hasita, sei garagardo mota eta jatekoa izango dira plazako frontoian. Gerriko Kultur Elkarteak antolatu du, 'Berria' egunkariaren alde.
Lazkaon euskal garagardoen azoka egingo dute, asteburu honetan. Bihar zabalduko dute, eta hiru egunetan izango da jan-edanak bertan dastatzeko aukera, larunbatera arte. Gerriko kultur elkarteak antolatu du, azken urteetan ohi duen eran. Ateratako diru etekina Berria egunkariarentzako bideratuko dute.
Plazako frontoian kokatuko dute azoka gunea. Ostegunean, ostiralean eta larunbatean 18:00etan irekiko dute. Bihar, asteroko pintxo-potearekin bat egingo du irekierak.
Aurreko ekitaldietan hartutako bideari segika, bertako produktuen alde egingo dute, bai edariekin, bai jakiekin.
Sei garagardo mota
Ekoizlekua Lazkaon daukan Basabe etxekoek hornituko ditu azokarako garagardoak. Guztira sei artisau garagardo mota egongo dira: bi Basabek eginak, eta beste laurak Brew&Roll etxearenak. Baternainen (Nafarroa) egiten dute. Basabek merkaturatzen ditu bi markak.
Janari eskaintzari dagokionez, txerri txonkoa edo ukondoa, saltxitxak eta lagungarri patata purea jarriko dute. Berrikuntza modura, saltxitxentzat ogia ere Lazkaon bertan egindakoa aterako dute, Oreka okindegiko hanburgesa opilak. Gainerako ogi arrunta ere handik ekarriko dute. Ogitartekorik ez dute aterako aurten.