Aspaceren 50 urtetako bidea eta ondarea Igartzako errotan jaso dute
'Aspace 50 urte' erakusketa zabaldu dute Beasainen; Urretxura joango da gero. Aspaceren historiari eta etorkizunari begirada bat da. Asko aurreratu dela diote, baina asko dagoela egiteko
Aspace 50 urte erakusketa ibiltaria zabaldu zuten atzo goizean Igartzako errotan. Rosa Iglesias Aspace Gipuzkoako presidenteordeak azpimarratu zuen «omenaldia eta ondarea» dela: Duela mende erdi Aspace sortu zutenei eta elkartearen mesedetan lan egin duten guztiei aitortza egiteko baliatu dute eta bidean egindakoa gordetzeko, etorkizunerako baliagarria izan dadin. 24 paneletako erakusketa da eta Aspaceren funtsa, mugarriak, zerbitzuak, herriz herriko informazioa… daude jasota.
Gipuzkoako Aspace 1971. urtean eratu zen. Beasaingo hezkuntza bereziko eskola zazpi urte geroago zabaldu zen. Egun hamahiru ikasle dira, bi gelatan banatuta. «Gauza asko egin behar izan dira urte luzetan gu hemen egoteko. Eskerrak eman nahi dizkiet guztiei», esan zuen Alaitz Imaz eskualdeko arduradunak. «Hau ez da hemen amaitzen», ohartarazi zuen. «Tamalez, etengabeko oztopoekin aurkitzen gara. Lanean jarraitu behar dugu ilusioarekin, izpiritu eraikitzailearekin, errespetuarekin, hurbiltasunarekin, arduratsu eta zintzo. Eta bide honetan ezinbestekoa dugu erakunde publikoen eta pribatuen laguntza, gizarte osoarena. Hamahiru haur eta nerabe hauen inklusioa gizarte justizia delako».
Elisa Carmona Aspace Gipuzkoako zuzendariak ere gizarte osoaren inplikazioaren garrantzia nabarmendu zuen. Orona Fundazioari eskainitako diru laguntzagatik eta Leire Artola Beasaingo Alkateari Dolareako parkean euren beharrak aintzat hartzeagatik eskerrak eman zizkien. Alkateak eskerrak beraiei eman behar zaizkiela erantzun zuen, urteetan ezkutuan egindako lanagatik. «Ikusgarritasuna ematea tokatzen zaigu guri».
Urretxura, gero
Erakusketa hilaren 13ra arte egongo da Beasainen. Urretxuko Juan de Lizarazu aretora lekualdatuko dute, hilaren 15ean. Urretxun Aspacek eguneko zentroa du. Gipuzkoako beste hainbat tokitan izan ostean Donostira helduko da, foru aldundira. Aspace Eguna egingo dute urriaren 8an bertan, eta urteurreneko ekintzak amaituko dituzte hala.