«Euskal Herria ezagutarazteko erreminta bat da Ehunmilak»
Askotariko arrazoiak tarteko «nekezagoa» egiten ari zaio Ehunmilak ultra-trailaren antolakuntza taldeari XI. edizioaren prestaketa. Mikel Valdivielso ‘Valdi’ (Beasain, 1977) etenaz, lasterketaren egoeraz eta bestelakoez aritu da.
Zer ekarri dio bi urteko etenaldi honek Ehunmilak ultra-trailaren antolakuntza taldeari?
Urte honetan guztian hausnarketa hori egiten ari naiz nire buruarekin, eta ez nuke jakingo esaten. Nekezagoa egiten ari zaigula bai, gehienbat egoera dena aldrebestuta dagoelako, eta ez pandemiarengatik bakarrik. Ukrainakoa ere hor dago, prezioak gora, aurrekontuak gora… Guk azaroan egin genituen aurrekontuak, eta pentsa harrezkero zenbat garestitu zaigun bizitza. Izena emateko prezioa bere horretan mantendu dugu, ez dugu igo, baina gainontzeko gastu guztiak garestitu egin zaizkigu. Lan handia suposatzen ari zaigu, esfortzu handia egiten ari gara arlo ekonomiko hori egonkortzeko.
Baina gainontzean gogotsu?
Nik uste dut denok falta ematen genuen zerbait zela Ehunmilak. Taldeei eman digu arnas pixka bat hartzeko aukera, eta oxigenoa hartzeko balio izan digu eta indarberritzeko ere bai zenbait kasutan. Jendea gogoarekin dago, jendea jendearekin egoteko gogoarekin dago, boluntario aldetik, urtero bezala, topera gaude… Pandemiak zer eragin izango duen neurtzen ere ez dakigu oraindik. Uste dut ondo ari garela lanean, nekezago bai, inertziari hori galduta, dena gehiago kostatzen ari zaigula sentitzen baitugu, baina nik uste azken martxa sartu dugula eta karrera arte horrela joango gara.
Eta zu pertsonalki?
Nire kasuan oso urte zaila izan da. Ume txikiak ditut, eta sekula baino gutxiago bildu naiz taldearekin, eta konfiantza falta hori badaukat aurtengorako. Konfiantza falta zait ez naizelako denekin egon, aurten falta izan zait hori, ez dut lortu betiko harreman sare hori osatzea. Eta taldean ere antzeko zerbait sentitzen da. Talde oso fuertea daukagu, eta lan pila bat kendu didate, baina hala ere kostatzen ari da. Badakit %95ean dena ondo aterako dela, beste %5a zortea baita, baina falta zait sinestea. Daramat azken asteak arazoak konpontzen.
Noiz hasi zineten aurtengo edizioa antolatzen?
Sekula ez dugu utzi, stand-by-n bezala egongo gara. Beti izan ditugu gauzak egiteko. Ehumilak egon ez arren, guk gure gastuak dauzkagu, kontratuak dauzkagu, babesleekin egon beharra daukagu, harreman horiek guztiak beti mantendu beharra daude… baina hasi hasi ginen serioan urtea bukatzerako.
Arlo ekonomikoa aipatu duzu lehen. Zenbakiei buruz hitz egin zaleak zarete?
Ez, ez gara zaleak, baina esango dizut. 300.000 euro inguruko aurrekontua daukagu, baina egia da azken sei hilabeteetan asko garestitu zaigula aurrekontua: garraioa gora, duela ez hilabete asko adostutako prezioak gora, fruta hornitzaileak ere esaten zidan platano kiloa lau eurotik gora dagoela, eta azken edizioan bi euroren bueltan zegoen, logistika, gasolioa… Ez dakigu egia esan.
Babesleek-eta eusten diote?
Bai, bai. Denen kasuan ez lehengo kopurutan, eta negar asko eginda gainera. Pribatuak halamoduz daude, eta instituzioak nola dauden edo nola egongo diren inork ba al dakigu ba? Ezin gara kexatu hala ere. Guk babesletza guztia mantendu behar dugu, onartuz batzuen kasuan jaitsierak izango genituela eta ulertuz egoera honek ere hori eskatzen zuela.
Boluntarioen erantzuna oso ona izan da beste behin.
Bai, oso ondo. Beasaingo kasuan gazte pilo bat. Urtero gertatzen zen fenomeno bat zen, baina aurten nik uste gehiago. Litekeena da pandemiaren ondorengo egoera bat izatea, sozializatzeko gogo hori, zerbaiten parte sentitzeko behar hori… 16, 17, 18 urteko jende hori oxigenoa da guretzat, baina egia esan behar bada, txanponaren beste aldea ere badaukagu, azken bi urteetan boluntario asko joan egin zaizkigu, Beasainen batzu-batzuk bai, eta hori estrapolatu behar dugu talde guztietara. Orduan, gazte jende sartzea arnasa da, eta saiatu behar dugu horri jarraikortasuna ematen, eta ez dadila izan egungo egoeraren ondorio.
Euskal Herri eta Espainia mailako egutegietan finkatuta dagoen lasterketa bat da. Nazioartean ere bai?
Iritsi iristen gara, baina pandemiaren arrazoietako bat bada geldialdi hori atzerritar mailan. Egia esan, aurten, 2019an baino atzerritar gutxiago dauzkagu. Uste genuen 2019ko edizio borobil bat eta gero gai izango ginela kopuru horiei eusteko, baina ez gara gai izan. Zenbakiak hor daude, eta horien aurka ez dago besterik esaterik. Europa mailan lasterketa pila bat sortu dira, alternatiba piloa dago, gure filosofiaren ondorio bat ere izan daiteke, ez garela saltzen beste lasterketa batzuek egin dezaketen bezala, eta hori bi arrazoiengatik da: bat, ezin dugulako, ez ditugula milaka euro publizitatean gastatzeko, eta bestetik, ez diogulako horri horrenbesteko garrantzirik ematen.
Baina ahalegin hori egiteko ohitura izan baduzue.
Saiatzen gara atzerrira iristen, atzerriko kazetariak izango ditugu (poloniarrak, portugaldarrak…) haien herrialdean Ehunmilak ezagutzera eman dezaten, baina hori da gauza bat niri lorik kentzen ez didana. Badakigu Europa mailako lasterketarik onenetarikoa daukagula, aurten ere jende garrantzitsua dator hona korrika egitera, eta azkenean ahoz ahokoa baino gauza hoberik ez dago.
Chamonixera joateari horregatik utzi al zenioten?
Bi urte badira joaten ez garela, pandemiaren aurretik esan nahi dut. Ez dugu konpartitzen UTMBren filosofia, hori da arrazoia. Tokiz kanpo ikusten ginen. Badakigu guretzako erakusleiho inportantea dela, baina hura dena da dirua, salmenta, markak… Ez da gure mundua.
Ehunmilek badute hazteko beharra, ala dagoen bezala ondo dago?
Uste dut saiatzen garela momentura egokitzen, eta gure printzipioei eusten. Gu erreminta bat gara Euskal Herria ezagutarazteko, gure kultura, gure gastronomia, gure hizkuntza, eta oinarri sendo horietatik haz gaitezke guk nahi dugun norabidean, baina beti ere printzipio batzuk errespetatuz. Hazi? Korrikalari kopuruetan garbi daukagu nahi izanez gero hazteko gai garela, baina gai izango ginateke hazkuntza horri aurre egiteko? Nik uste dut ezetz. Eta urteroko eztabaida bat da. Zergatik ez 700 dortsal G2Hrako ikusita zer eskari dagoen? Ibilbideak eta gure azpiegiturek ere mugak jartzen dizkigute, eta nik uste dut gauden kopuruetan oso ondo gaudela.
Aurtengoa 11. edizioa da, eta borobil atera zen 10.a dago aurrekari modura. Zer eskatzen diozu aurtengoari?
Joan deneko zortzi urteetan gauza bera esaten ari naiz. Kirol lehiari berari probak duen garrantziaren %30 ematen diot. Garrantzi gehiago ematen diot ezer larririk ez pasatzeari, korrikalariek gozatzeari, boluntarioek ondo pasatzeari eta sentitzeari proiektu garrantzitsu baten parte direla. Markak egiten diren ala ez, hori bigarren maila batean ikusten dut. Aurten ere maila handiko kirolariak datoz, karrera politak ikusiko ditugula iruditzen zait.
Kirolariak aipatuta, zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Korrikalarien zerrenda hartzen badugu, munduko hogei onenetatik bospasei Beasainen izango ditugu, Mont Blancen podiuma egin duen jendea, ohorezko postuak lortu dituena… Ehunmiletan Javi Dominguez da hautagai nagusia, emakumezkoetan duda gehiago dauzkat. Elena Calvillok gero eta gehiago ezagutzen du proba, eta uste dut ez dela irabaztetik urruti ibiliko.
Eta Goierriko Bi Handietan?
Oso polita datorrela uste dut. Jon Aizpuru, Aritz Egea, Tofol Castanyer… mailako handiko lasterkariak datoz. Gaueko borroka hori berezia izango da, tentsio puntu hori sortzen baita.
Esker bereziren bat eman nahi?
Bi milioiko aurrekontua izanda ere, boluntariorik gabe ez ginateke ezer izango. Gure altxorra dira, gure bihotza, gure arnasa. Eta babesleei ere bai noski, ekonomikoki haiek eusten baikaituzte. Biak lotuta doaz.