Euskaraldiak badu doinua
Euskaltzaleen Topaguneak 2022ko Euskaraldiaren abestia eta bideoklipa aurkeztu ditu. Artista ezagun ugarik parte hartu dute.
Euskaraldia hitzez ez ezik, kantuz ere badator aurtengoan. Euskaltzaleen Topaguneak gaur aurkeztu ditu 2022ko edizioaren abestia eta bideoklipa: Esazu hitz bat. Xabier Zabalak egin du musika eta hitzak Andoni Egañarenak dira. Hainbat artistak parte hartu dute grabaketan; Egañaz gain, Aiora Renteriak, Pettik, Maddalen Arzallusek eta Ainhoa Larrañagak jarri dute ahotsa. Horrez gain, Igor Telletxea, Ritxi Salaberria, Ruben Caballero eta Oreka TXeko txalapartariek ere parte hartu dute grabaketan.
Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da “hizkuntza ohiturak astindu eta euskararen erabilera handitzea” helburu duen ariketa soziala. Dagoeneko ari dira herriz herri batzordeak sortu eta egun horietarako egin beharrekoak antolatzen.