Majoriko eta Altamirako tabernetako langileek "lan baldintza duinak" eskatzeko elkarretaratzea egin dute
ELA sindikatuak eskatu du bi ostalaritza zerbitzuen kudeatzailearekin eta udalarekin biltzea langileen egoera argitzeko. ELAk abiatu duen prekarietatearen aurkako kanpainaren barruan, elkartasuna erakutsi diete protesta abiatu duten langileei.
Uztailaren 2tik greba mugagabean daude Ordiziako Majori kiroldegiko eta Altamira estadioko tabernetako langileak. ELA sindikatuko ordezkariak adierazi duenez, “langileentzat baldintza duinak” eskatzen dituzte,
ELA sindikatutik gaineratu dute, momentu honetan, bi eraikin publikoetan dauden ostalaritza establezimenduen kudeaketaz arduratzen den enpresa aldatzeko prozesua martxan dagoela, eta salatu dute, une honetan langileak bizitzen ari diren egoeraz “inor” ez dela kezkatu, “ez enpresa, ez udala”. Gauzak horrela, egoera argitzeko “bilera” bat nahiko lukete.
Bitartean, mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute. Bihar, osteguna, Altamirako anexoan elkarretaratzeak egingo dituzte 12:00etatik aurrera eta 18:00etatik aurrera.
Prekarietatearen aurkako kanpaina
ELA sindikatuak martxan jarri zuen prekarietatearen aurkako kanpaina bat, eta orain gizarteratzeko lana egiten ari dira. Maria Imaz ELA sindikatuko Oria-Goierri eremuko arduradunak azaldu duenez, “enpresaz enpresa eta kale mailan lanketa” egiten ari dira, eskualde desberdinetan, kanpainaren barruan; gaurko, Beasaindik Ordiziara bizikleta martxa egitea zuten aurreikusita baina azken unean bertan behera utzi behar izan dute momentu horretan zeuden eguraldiaren baldintzengatik. Bizikleta martxa egin ez badute ere, Ordiziako Plaza Nagusira gerturatu dira ELAko ordezkariak, greba mugagabean dauden Majori eta Altamira taberneteko langileei babesa erakusteko.
Prekarietatearen aurka abiatu duten kanpaina honen barruan, beste ekintza batzuk ere egingo dituzte uztailean zehar.