Olaberria burdinolako eraikin zati bat deskatalogatu du udalak
Eraikinean berrikuntzak egin ahal izateko onartu dute aldaketa, osoko bilkuran.
Olaberria burdinolaren deskatalogazio partziala egin ahal izateko, Legazpiko Hirigintza Ondarea Babesteko eta Zaintzeko Plan berezia aldatzea onartu zuen ekaineko udalbatzak aho batez, joan den astean. Modu horretara, eraikinean konponketa lanak egin ahal izango dituzte.
Udalaren jabetzakoa da Olaberria burdinola, eta haren aztarnen gainean 1940ean egindako etxebizitzek osatzen duten eraikina. Duela bi urte eraikineko teilatua jausi egin zen, eta burdinolako aztarnen biziraupena ziurtatzeko, konponketa lanak egitea ezinbestekoa zen. Baina eraikin osoa ondare multzo babestu gisa katalogatuta zegoen, eta sailkapen horrek konponketa baldintzatzen zuen.
Aranzadi Zientzia elkarteak udalaren eskariz egindako ikerketa arkeologikoaren arabera, eraikinaren sotoan dauden aztarnek bakarrik dute babesteko interesa. Hori dela eta, babesa mantendu egin zaio eremu horri, eta horren gainean dagoen eraikin zatiari kendu. Ondorioz, konponketa lanak egin ahal izango dira.
Udalbatzan, alderdi politiko guztiak burdinola babestearen alde agertu ziren.