Trikiti eta bertso doinuekin hasiko ditu Maizpidek 48. Udako Ikastaroak
Astelehenetik, abian dira udako hiru hilabeteetarako ikastaro bereziak. Sei emango dituzte, hileko bi eta hamabost egunekoak. Kultura-egitaraua etzi hasiko da, triki-bertso poteoarekin
Maizpide euskaltegiaren aitzindari izan ziren Udako Ikastaroak mende erdia betetzeko bidean doaz. Aurten 48. aldiz antolatu dituzte, eta lehendabiziko ikasle taldeak hartu dituzte. Ekainean bukatu zituzten urtean zeharreko ikastaro trinkoak eta luzeak, eta udako hiru hilabeteetan, ikastaro laburrak emango ditu Maizpidek orain.
Azken urteetako dinamikan, hamabost eguneko ikastaro independenteak izango dira, hileko bi. Lehenbiziko txanda astelehenean hasi zen, uztailaren 15era arte. Hil honetako bigarrena 18tik 29ra izango da; abuztukoak 1etik 12ra eta 15etik 26ra, eta irailekoak 5-16 eta 19-30 artean.
Ohi bezala, maila guztietako ikastaroak emango dituzte.
Kultur egitaraua ere prest
Ikasleen bi asteko jardunaren pareko, eta herritar guztiei zabalduta, kultura ekitaldi sorta bat ere prestatu du Maizpide euskaltegiak. Etzi, ostirala, triki-bertso poteoa izango da lehena, 18:30ean, euskaltegian hasita.
Uztailaren 12an Kutsidazu bidea, Ixabel musikala ekarriko dute Areriara (19:00), eta 28an Orkresta elektro-txaranga.
Abuztuaren 5ean, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin kantu-jira egin ahalko da. 10ean, Jose Kruz Gurrutxagak Arranopola bakarrizketa egingo du; 19an, Patxi Perez eta Konpainiak plaza-dantzak (plazan), eta 25ean triki-bertso poteoa.
Azkenik, irailean, Lazkaoko Suthai batukadak joko du (9an), eta Eingo taldeak Kantan ta dantzan saioa (15ean). Ekitaldi guztiak 18:30ean hasiko dira, plazan edo Maizpiden bertan.